Pantailaz beteriko munduan euskararentzat leku bila

  • Telebista, tableta, mugikorra… batetik bestera egiten dugu salto informazio bila egunero. Joera hori “pantaila anitz” bezala ezagutzen da eta eskaintzen dituen erronka eta aukerez aritu ziren ostegunean Donostiako San Telmo museoan, Iametzak, ARGIA eta Ametzgainak antolatutako Euskarabilduaren laugarren jardunaldian.


2015eko azaroaren 06an - 11:52
Philippe Freville, Geni del Villar, Ferran Clavell eta Filipo Vizzotto atzoko jardunaldian. (Josi Sierra)

Second screen edo pantaila anitzen erabilera izan zen jardunaldietako eztabaidagaia, baina joera horri loturiko beste gai batzuk ere jorratu ziren: linguistika teknologia berrietan,  industria teknologikoaren proiektu erregionalak, TBARGIA plataforma…

Pantaila anitzen erabileren adibide ugariren berri eman zuten hizlariek: telebista saio baten inguruko informazio osagarria eskaintzea, kirol emisio baten errepikapenak, 360 graduko kamerak, hauteskundeetako zuzeneko emaitzak… Argi ikusi zen teknologia berri horren erabilerak mugagabeak direla, eta  jardunaldietara hurbildu zirenak ere harrituta geratu ziren oraindik ikertzeko dauden aukerekin.

Hala ere, joera teknologiko berri hau ezezaguna izanik, ez da arrotza. Kataluniako ikus entzunezko medioen korporazioko kide Ferran Clavellek azaldu zuenez, pantaila anitzen erabilera berez sortu zen: “Telebista kontsumitzen ari garenean ohitura dugu mugikorra erabiltzeko informazioa bilatu, sare sozialetan aritu edo norbaitekin hitz egiteko”. Mikroune bezala definitu zuen jokabide hori Clavellek.

Mikroune horiek ahalbidetzen dituen aplikazio ezagunenetako bat Shazam da. Filippo Vizzoto Shazam Italiako arduradunak pantaila anitzerako tresna gisa Shazamek eskaintzen dituen aukeren berri eman zuen: irudiak identifikatu, ikuslea iragarkietatik webgune zehatzetara bidali ikuslea  edo dendetako produktuekin erlazionatutako informazio gehigarria eskaini. Gerturatu ziren gutxik ezagutzen zituzten musika identifikatzeaz gain Shazamek eskaintzen dituen erabilerak, eta hitzaldiak interes handia piztu zuen.

TBARGIA proiektuaren nondik norakoak

ARGIAk, Iametzak eta Vicomtechek elkarlanean egiten ari diren TBARGIA proiektuaren prototipoa aurkeztu zuten. Julen Irazoki Iametzako kideak azaldu zuenez, ikus entzunezkoen plataforma bat sortzea da proiektuaren helburua. Horren harira, Eli Pombo Iametzako kideak pantaila anitzen erabilera posibleak proposatu zituen: "Helmuga zein den jakin gabe tiraka jarraitu behar da. Ez diegu beldurrik izan behar esperimentu eta gogoeta eroei".

Vicomtecheko Mikel Zorrilla arlo teknikoaz aritu zen, eta  pantaila anitzeko plataformek oraindik erronkak dituztela aipatu zuen: "Konexioa, sinkronizazioa eta egokitzapena dira hiru erronka nagusiak pantaila anitzen sistema hobetzeko".

“TBARGIAren bidez zuen patriketara heldu nahi dugu ez dirua kentzeko mugikorretan egoteko baino", azaldu zuen Gorka Bereziartua Argiako kazetariak. Argian bere egunean multimedia kanalean eginiko apustuak jende asko erakarri zuela azaldu zuen. Hitzetik Hultzera eta Beranduegi web TV saioak jarri zituen adibide gisa.

Hizkuntzaren garrantzia teknologiaren zurrunbiloan

Geni del Villar TV3 eta Catalunya Radioko produktu digitalen kudeatzaileak teknologia alde batera utzi eta hizkuntzan jarri zuen arreta. Zehazki interneteko katalan komunitatean. "Internet komunitateak artikulatzeko tresna oso garrantzitsua da, hizkuntza gutxituentzat oso baliagarria". Hainbat aktore sozialek interneten komunitate linguistiko katalana osatzen lagundu dutela azaldu zuen Del Villarrek. "Kontziente izan behar dugu gure arduraz eta katalanez egin”. Hiru puntu azpimarratu zituen: euren hizkuntza katalana dela argi izatea, hizkuntzaren sustapena eta espazio katalana egituratzea.

Argi utzi zuen ordea, katalanez izatea baino, eduki onak ekoizteak erakartzen dituela ikusleak. Zentzu horretan, linguisten papera azpimarratu zuen: "TV3ko eduki guztia linguistek berrikusten dute, garrantzitsua delako katalanez eskaintzen dena zuzena izatea". 20 hizkuntzalarien ditu TV3k.

Krisiak jotako eskualdea biziberritu dezakeen sektorea

Philippe Freville Pictanovo proiektuko arduradunak Nord Pas de Calaisen (Frantzia) kultur industrian egindako apustuaz aritu zen. Pictonovo proiektuaren barruan sormen industrian dauden sektore guztiak lantzen dituzte: zinea, telebista, bideojokoak, transmedia... "Langabeziak gogor jotako eskualdea da eta kultura erabili zen garapen sozioekonomikoa sustatzeko". Pantaila anitzen gaiari helduz Frantzian interaktibotasuna sustatzea dutela helburu azaldu zuen. "Teknologiak ahalbidetzen du ataza ezberdinetako produktuak ekoiztea. Telebistan soilik oinarritzen ez den eredu berri bat sortu nahi dugu".

Hitzaldiak bukatuta mahai ingurua egin zuten. Lore Martinez Axpe moderatzaile lanetan, teknologia berriez, pantaila anitzen ereduaz eta egunean zehar landutakoaz aritu ziren Fernando Perez Nafarroako Gobernuko Kultura zuzendari nagusia, Xabier Garcia de Kortazar Vicomtech-IK4ko kidea eta  Joxe Rojas Tokikomeko teknologia arduraduna.

Gai ugari landu eta zenbait ideia interesgarri plazaratu zituzten. Joxe Rojasentzat tokiko hedabideen etengabeko hobekuntzen erritmoa jarraitzea sekulako erronka da. Garcia de Kortazarrek sormena eta teknologia bereizi zituen: "Sormena ideiak dira; teknologia tresna da, ideia horiek ikusteko betaurrekoak". Lore Martinezek jardunaldietatik Kataluniatik ekarritakoa nabarmendu zuen. "Inbidia sanoa", aipatu zuen. Rojasek Pictonovo proiektua ekarri zuen gogora. Perezek bestalde isolamendua apurtu nahi dutela esan zuen: "Informatika eta teknologia berrietan beste eskualdeekin elkarlana zerotik hasi".


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskarabildua
2023-10-26 | ARGIA
Ikusi hemen Euskarabilduaren jardunaldiak

Euskarabildua jardunaldiak egin dituzte Donostiako San Telmo museoan eta antolatzaile da ARGIA, Iametza eta Ametzagaiña taldeko enpresekin batera. Egunerokoan baliagarriak diren teknologia burujabe eta libreak ezagutzera eman ditu jardunaldiak. Euskaraz lan egitea... [+]


2023-10-25 | ARGIA
Odoo erakundeentzako ERP librea aurkeztuko dute Euskarabildua jardunaldietan

Beñat Irasuegi Talaios Kooperatibako kideak Odoo tresna librea aurkeztuko du Euskarabildua jardunaldietan ostegunean Donostiako San Telmo museoan.


2023-10-24 | ARGIA
Mailtrain: e-mail marketin-erako software libre eta burujabea aurkeztuko dute Euskarabilduan

Mailtrain e-posta bidalketak egitea ahalbidetzen duen software librea da. Norberaren zerbitzarian instalatzeko aukera eman eta datuen pribatutasuna zaintzen du.


2023-10-24 | ARGIA
Hodeian informazioa gorde eta partekatzeko alternatiba burujabea Euskarabildua jardunaldietan: Nextcloud

Hodei propioa eraikitzea ahalbidetzen duen software librea da Nexcloud, datuen pribatutasuna zaintzen duena. Dokumentuen biltegia eta partekatzeko gunea izateaz gain, bestelako funtzionalitateak ere integratzen ditu: bideo-deiak egiteko Talk sistema; egutegia; posta... [+]


“Errazagoa da software librea hautatzea, bat datorrelako hezkuntzaren balioekin”

Alexis Kauffmann, Frantziako Hezkuntza Ministerioko DNEko (Hezkuntzarako Zuzendaritza Digitala) teknologia digitaleko sektoreetako software-proiektuen eta hezkuntza-baliabide libre eta mistoen zuzendaria da. Hezkuntza libre eta irekiaren aldeko ekintzaileak urriaren 26an... [+]


Eguneraketa berriak daude