"Euskaraz herri gara, euskaraz bizi bagara, euskara pantailetara eta pantailetan euskara", hala dio kantuak. Abestiarekin batera, bideoklipa ere kaleratu du, eta Euskal Herriko pertsonaia ezagun askok parte hartu dute Pantailak Euskarazen aldarria zabaltzeko ekimen berrian.
Pantailak Euskarazek, telebistan eta ikus-entzunezko plataformetan euskararen eskaintza handitzeko mugimenduak, kantua eta bideoklipa aurkeztu ditu larunbatean Donostiako Okendo Kultur Etxean. "Euskaraz herri gara, euskaraz bizi bagara, euskara pantailetara eta pantailetan euskara", hala dio mugimenduak estreinatu duen kantuak.
Oihana Bartra bertsolaria izan da hitzen ekoizlea, eta Josu Bergara musikaren egilea. Bideoklipean Euskal Herriko pertsonaia ezagun askoren aurpegia eta ahotsa agertzen dira; Aitziber Garmendia aktorea eta umorista, Tomas Lizarazu Bulego taldeko abeslaria, Iñaki Ortiz Modus Operandi taldeko abeslaria, La Furia rap abeslaria, eta Sara Cozar aktorea, batzuk aipatzearren.