Mozkorraldi kuadrilla Blusa eta Nesken Federaziotik kanporatua izan da. Gasteizko Udaltzaingoaren SIPLA sindikatuak pankarten aldeko mezua zabaldu du Twitteren. Jaietan izan diren hiru erasoen aurkako mobilizazioa egin du mugimendu feministak egun berean.
Asteazken arratsaldeko eguneroko kuadrillen kalejiran, Mozkorraldi kuadrillako bi gizonek lelo matxistak idatzita dituzten pankarta bana erakutsi dituzte: "Biolentzia jarrera kontua da, ez genero kontua", eta "Salaketa faltsuak = Tratu txarrak = Zigor bera". Jaietan gertatu diren sexu erasoen aurrean hamar minutuko isilunea egin dute kuadrillek eguneroko kalejira hasi aurretik, "edozein motatako erasoen aurka" lelopean. Isilunea amaituta kalejira hasi, eta orduan atera dituzte bi gizonek pankartak.
Polemika bizia piztu da jarraian. Eitb-ri eginiko adierazpenetan, Mozkorraldi kuadrillako kide Emma Saizek mezuak defendatu ditu: "Bikotekidea, bikotekide ohia edo senar ohiaren aurkako mendekua hartzeko edo seme-alabengatik salaketa faltsuak aurkezten dituen jendea dago, orokortua da, trukean zerbait lortzeko, presioa egiteko edo dena delakoagatik".
Blusa eta Nesken Federazioa urgentziaz bildu da eta kuadrilla federaziotik kanporatzea erabaki du, gertatukoa “oso larria” dela adieraziz. Blusa eta Nesken Federazioa 2016an sortu zen, zenbait kuadrilla Blusa eta Nesken Batzordetik irten eta gero. Sexu eraso baten aurrean kalejira bertan behera uztea erabaki zuen batzordeak, aipatu kuadrillek ez zuten erabakia errespetatua eta isuna jarri zien batzordeak. Batzordea utzi eta Federazioa sortzea erabaki zuten kuadrilla horiek.
Udaltzaingoa
Pankarta matxisten edukia sare sozialetan eta komunikabideetan zabaltzean, Gasteizko udaltzaingoaren SIPLA sindikatuak mezua idatzi du gaztelaniaz Twitterren: "Jendea behingoz begiak irekitzen ari da. Biolentzia biolentzia da datorren lekutik datorrela, eta puntu. Olé kuadrilla honi. Nire babes osoa". Minutu gutxira txioa ezabatu dute, inongo azalpenik eman gabe.
⛔ Nada más conocerse la noticia, así h reaccionado el Sindicato Independiente de Policías del Ayuntamiento de #Gasteiz; minutos después han borrado el tweet https://t.co/A5nTa73ui0 pic.twitter.com/lRfys5n97k
— Hala Bedi (@halabedi) August 7, 2019
Hala Bedi irratiak SIPLA sindikatuaren txioaren berri eman du. Honi erantzunez mezua idatzi dute ondoren SIPLAren kontutik, "akatsa edo gure kontua erabili duen asmo txarreko pertsona batek idatzia" izan dela esanez, "mezu zentzugabea" izan dela eta "sentitzen" dutela gehituz.
Mobilizazio feminista
Egun berean, eta jaien testuinguruan gertatu diren hiru sexu eraso matxistak salatzeko protokolo feminista aktibatu du Gasteizko mugimendu feministak. Arratsaldeko 20:00etan, ehunka pertsona bildu dira Andra Maria Zuriaren plazan, “Erasoen aurrean autodefentsa feminista” leloaren inguruan.