argia.eus
INPRIMATU
Panificadora Alavesa enpresak 100.000 euro ordainduko dizkio langile bati lan-jazarpenagatik
  • EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak zigortu du enpresa, “lan harreman ona hondatzeagatik” kontratuaren etetea behartzeko. 1987tik ari zen enpresan lanean langilea.

ARGIA @argia 2019ko irailaren 13a

CCOOk eman du EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren ebazpenaren berria. Panificadora Alavesa enpresak langile ohi bati 99.994 euro ordaintzera zigortu du auzitegiak. Oharraren arabera, sententziak dio enpresak langilearekin zuen betebeharren urraketa “larria” egin duela.

E.M.R. langileak hainbat aldiz jo behar izan du azken urteetan auzitegietara bere lan baldintzen defentsan, sententziaren arabera: lan baldintzen moldaketengatik, opor egutegiagatik edo zergati ekonomikoak tarteko, esaterako.

Langile guztiak bildu eta haien aurrean langilearen aurkako gutun bat irakurtzera heldu zen Panificadora Alavesa. Gutunean, enpresa kaltetzeko asmoz errendimendua nahita jaistea leporatzen zitzaion langileari. “Paseo labur” asko ematea ere aurpegiratzen zion. Tentsioa zela eta, E.M.R.-k bilera abandonatu eta Ertzaintzari deitu zion.

Tratu etikoa

CCOO sindikatuak tankerako jarrerak dituzten enpresak salatuko dituela adierazi du. Panificadora Alavesak langileari emaniko tratua gogor kritikatu, eta langileentzako “tratu etikoa” aldarrikatu du.