Aste honetan abian jarriko dute telebista saio berri bat Nafarroan: Altxa burua!. Hamaika Telebistaren Nafarroako lan taldearen ekimena da, eta Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzarekin egin dute hamasei ataleko elkarrizketa saioa.
COVID-19ak utzi dizkigun ondorioei buruzko gogoeta egin eta sustatu nahi dute: "Uste dugu orain dela unea hausnarketa hori egiteko, gurean garai latzena pasata, baina oraindik oroitzapen guztiak oso gertu ditugula. Orain da unea, gure ustez, pentsatzeko zer bizi izan dugun eta zer ikas dezakegun esperientzia hauetatik".
Horretarako 60 bat elkarrizketa egin dituzte hainbat gai orokorren inguruan eta Iruñerriko solaskideekin: ingurumena, lana, gazteria, euskara, hirugarren adineko pertsonak, haurrak, emakumeak, hezkuntza alorra, osasungintza, sortzaileak... hamasei atal denera. Ander Lanas eta Zoe Martikorena Nafarroako Hamaikako teknikariek bultzatutako proiektua da eta Reyes Ilintxeta kazetariak elkarrizketak egingo ditu. Saioa emitituko da asteazkenero 22.00etan, irailaren 8tik aurrera eta abenduaren 22ra arte. Ilintxeta Euskalerria Irratiko kazetaria da eta kolaborazio ugari egiten ditu hainbat hedabidetan, esaterako, ARGIAn elkarrizketak.
Lehen saioan ingurumena landuko dute, ondorio argia atereaz: "Begi bistakoa da zeinen ongi etorri zitzaion pandemia ingurumenari. Kutsadura izugarri jaitsi zen etxean sartuta izan ginen 98 egun haietan. Hala ere, lehenagoko maila berehala berreskuratu eta gainditu dugu, batere arazorik gabe". Lorea Flores Greenpeaceko Nafarroako arduradunarekin eta Bakarne Atxukarro, Iruñerriko Mankomunitateko komunikazio teknikariarekin aritu dira hasiera honetan.