argia.eus
INPRIMATU
Pandemiaren aurrean elkarlanean aritzea eskatu diote EH Bilduko alkateek Eusko Jaurlaritzari
  • Birusaren agerraldia bizi izan duten herrietako EH Bilduko alkateek adierazi dutenez, Eusko Jaurlaritzak ez ditu kontuan hartu eta ez die informaziorik eskaini.

ARGIA @argia 2020ko uztailaren 23a
EH Bilduko alkateak, agerraldian (Argazkia: EH Bildu)

Asteazkenean prentsaurrekoa eskaini zuen Donostian Adur Ezenarrok, berriki COVD-19aren agerraldia bizi izan duen Ordiziako EH Bilduko alkateak. Ondoan izan zituen Xabier Alvarez de Arkaia Urkabustaizko alkatea eta Itziar Biguri Urduñako alkatea. Koronabirusaren agerraldiak izan dituzten udalerrietan egoeraren kudeaketaren zati handia udal agintariek izan arren, Eusko Jaurlaritzak ez dituela kontutan hartu adierazi dute, eta horrek bakarrik sentiarazi dituela.

Alderdiak Jaurlaritzaren partetik informazio falta salatu du. Jakinarazi zutenez, hedabideen bidez jakin behar izan dute bai egoeraren zein Jaurlaritzaren neurrien berri. Hori hala, “informazio gardena” eskatu diote Osasun sailari.

Informazio eta komunikazio falta hori testuinguru, Jaurlaritzak udalerrietan eragin zuzena zeukaten hainbat erabaki tokian tokiko udalekin kontrastatu gabe hartu dituela azpimarratu dute alkateek, aldebakartasunez aritzea gaitzetsiz. “Gure iritziak, irizpideak, baina batez ere baliabideak kontuan hartu gabe erabakiak hartzea ez da eraginkorra”, egin zuten irakurketa.

Aurrera begira birusaren hedapenak izan dezakeen bilakaeraz arduratuta, elkarlanean jardutea eskatu dio EH Bilduk Jaurlaritzari. Alderdiaren aburuz, elkarlanean jardunez gero, eraginkortasuna handiagoa litzateke “detekzioan, prebentzioan eta babesean”.