Epidemia hedatuz doa Zisjordanian zein Gazan: orotara 95 bat kutsatu eta hildako daude, martxoaren 26ko datu ofizialen arabera. Israelek inposatu okupazio eta blokeoek egoera okertu besterik ez dute egiten. Koronabirusaren epidemiari aurre egiteko zailtasun handiak ukanen dituzte palestinarrek.
Zisjordanian koronabirusaz kutsatutako 86 pertsona daude eta hildako bat, eta Gazan bederatzi kutsatutako, martxoaren 26ko datu ofizialen arabera. Koronabirusaren mehatxua haien errealitatean dute palestinarrek eta kezkaturik daude: Israelen okupazioagatik eta blokeoagatik are zailagoa izanen zaielako gaixotasunari aurre egitea. Demagun, hamaika motatako blokeoen artean, produktu desinfektatzaileak ekoizteko osagaien inportazioa blokeatzen die Israelek. “Galdera ez da ea Gazan epidemia hedatuko den baizik eta noiz zabalduko den”, dio kezkaturik osasun ministerioko Majdi Dohairek. Bi milioi palestinar bizi dira 40 kilometroko lur zatian metaturik. “Sute baten gisara hedatuko da epidemia: Gaza infernua bilakatuko da”, Le Monde egunkariari zehaztu dionez.
Osasun zerbitzua kinka larrian dute eta jada egunerokoari aurre egiteko zailtasunak dituzte. Koronabirusaren epidemiari ezingo liokete erantzun gaur egungo egoera mantenduz. Hori horrela, birusaren hedapena ahal bezain bat mugatzeko konfinaturik daude herritarrak. Hala ere, etxe hertsietan kopuru handietan, ur edangarririk gabe zein elektrizitate mugatuarekin ez zaie erraza konfinamendua. Eskolak, meskitak, jatetxeak, hainbat enpresa zein merkatu, leku publiko guztiak hetsirik dituzte eta mugak soilik produktu komertzialei irekita dira. Gazako gazteriaren %60a langabezian den testuinguruan egoera are okerrago bihurtuko da konfinamenduaren ondorioz.
Gaixo daudenen berrogeialdia segurtatzeko 21 zentro ireki ditu Gazak baina segurtasun sanitarioa ez dute bermaturik. Nazio Batuen Erakundeko afera humanitarioen bulegoak alarma piztu du: martxoaren 24an 1.400 ziren zentro horietan metaturik, ur eskasian eta material sanitario gutxirekin. Birusa hedatzeko arriskua handia dago gune horietan ere.
Zisjordanian ere hilabete bateko larrialdi egoera jarri zuen martxoaren 5ean Palestinako Aginte Nazionalak. Herritarrek etxean egon behar dute eta bakarrik zerbitzu minimoak dituzte segurtaturik: farmaziak, osasun guneak, okindegiak eta supermerkatuak. Turismoa ere debekaturik dute.
Kezka areagotu du jakiteak koronabirusaz kutsaturiko presoak daudela Israelgo hainbat kartzeletan. Gaixoak berrogeialdian ezarriak baldin badira ere, presondegietako gainpopulazioagatik laster hedatu daiteke birusa. Hainbat gobernuz kanpoko erakundek deitoratu dutenez, ez dago inolako neurririk harturik kartzeletako segurtasun sanitarioa bermatzeko eta are gehiago, bizi baldintzak gogortu dizkiete presoei: hamarnaka produktu –tartean produktu sanitarioak– eta elikagai dituzte debekaturik, senideen bisitak ezeztaturik dituzte, eta abar. Preso diren zaharren, umeen eta erien askatzea ez du onartu Israelek. Segurtasun sanitarioa exijitzeko eta koronabirusaren testuinguruan areagotu diskriminazioa eta errepresioa salatzeko protestan dabiltza hilabete hastapenetik presoak.
Itzuleraren Martxa Handiaren kari datorren astean egitekoak zituzten elkarretaratze eta manifestazioak ezeztatu dituzte. Etxean geratzeko manua luzatu diete herritarrei agintari palestindarrek. Aldarri gisa, Palestinaren bandera leihotik zintzilikatzeko gomita luzatu die ere.