argia.eus
INPRIMATU
Palestinari, osasun mentalari eta transexualitateari buruzko filmak ikusi ahalko dira Giza Eskubideen Zinemaldian, besteak beste
  • Hilaren 12tik 19ra egingo dute 21. Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldia, eta askotariko filmak proiektatuko dituzte: osasun mentala, Palestinaren egoera, migrazioak, lanaren etorkizuna, Ukrainako haurrak eta transexualen eskubideak izango dira zinemaldiko film eta solasaldietako gaietako batzuk, eta erakusketak ere izango dira hiriko hainbat tokitan.

BeƱat Parra @parrabenat Irutxuloko Hitza @irutxulo 2024ko apirilaren 08a
\'Nafroush\' film laburreko irudi bat. Argazkia: Giza Eskubideen Zinemaldia

El salto filmarekin (Benito Zambrano, 2023) irekiko dute jaialdia, hilaren 12an, Viktoria Eugenia antzokian. Fernando Leon de Aranoa zinemagilea egongo da inaugurazio saio horretan, haren ibilbide osoa aitortzeko saria jasoko baitu. Bestalde, Nina filmak (Andrea Jaurrieta, 2023) itxiko du jaialdia, hilaren 19an, film luzeen zein laburren sari banaketa egingo duten galan. Guztira,

35 nazionalitateko 45 film programatu dituzte guztira (26 film luze eta hemeretzi film labur), eta izen handiak daude tartean, besteak beste Agnieszka Holland eta Nuri Bilge Ceylan, baita Indarkeriaren oi(h)artzunak (Amaia Merino eta Ander Iriarte, 2023) eta Muerte en Amara (Aitor Gonzalez de Langarica, 2024) euskal ekoizpenen estreinaldi absolutuak ere. Film gehienak Viktoria Eugenia antzokian proiektatuko dituzte, bost izan ezik: bi proiekzio egingo dituzte Antzoki Zaharrean eta hiru Tabakaleran, Zinema eta Memoria zikloko hirurak. Programazioa ia egunero osatuko da filmen protagonisten, zinemagileen eta landutako gaietan adituak diren pertsona ezagunen solasaldiekin.

Bestalde, Antzoki Zaharrean, goizeko emanaldiak bederatzi izango dira guztira, hiriko ikastetxeentzat. Adin taldearen arabera aukeratutako filmak hauek dira: Kurrin (Mascha Halberstad, 2022), Dounia eta Alepoko printzesa (Marya Zarif, 2022) eta 20.000 erle espezie (Estibaliz Urresola Solaguren, 2023). Filmen gida didaktikoak, aurten, Zinhezba, Kalakalab eta GazteFilm Fest-ek landu dituzte. Horrez gain, lau erakusketa antolatu dituzte jaialdiaren bueltan, eta MUGI TÚ giza eskubideei buruzko online jokoa antolatu dute, Euskadiko Garapenerako GKEen Koordinakundearen eskutik.

Sarrerak gaur (hilak 5) jarriko dituzte salgai, 11:30ean, Antzoki Zaharreko zein Viktoria Eugenia antzokiko leihatiletan, eta baita jaialdiaren webgunean ere. Halaber, 21. Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiko programazio osoa eta xehetasunak hemen kontsultatu ditzakezue.