Palestinako herria pairatzen ari den genozidioa salatzeko bi eguneko baraualdia egingo du Argituz elkarteak Donostian asteburu honetan, larunbatean eta igandean. Garibai kaleko 19. zenbakian egingo dute elkartasun ekintza.
Gazatarrei elkartasuna adierazteko eta genozidioa etetea, laguntza humanitarioaren sarrera ahalbidetzea eta Israelekin harreman komertzial eta kultural oro bertan behera uztea eskatzeko egingo dute baraualdia, elkarteko bozeramaile Bertha Gaztelumendik eta Xabier Urmenetak azaldu dutenez.
Manifestazioa, larunbatean
Argituz elkartearen egitasmoaz gain, Palestinaren aldeko egitasmo gehiago egongo dira asteburuan Donostian. Hain zuzen ere, Israelen aurkako Boikot, Desinbertsio eta Zigorren Gipuzkoako nodoak (BDZ) Palestinaren zapalkuntzan kolaboratzen duten proiektuen aurkako manifestaziora deitu du larunbaterako (hilak 14), bereziki CAF enpresarengan fokua jarriz; izan ere, estatu sionistako tranbia sisteman hainbat proiektu ditu enpresa euskal herritarrak. 12:00etan abiatuko da mobilizazioa, Gipuzkoa plazatik.