argia.eus
INPRIMATU
Palestinaren aldeko Askatasunaren Ontzidia Maltako Gobernuarekin negoziatzen dabil, itsasontzia hango portu batera eramateko
  • Nazioarteko ekimenak igandean argitaratutako prentsa ohar batean jakitera eman duenez, Maltako Gobernuak bonbardatutako itsasontzia konpontzeko asmoa erakutsi du. Askatasunaren Ontzidiak eskatu die Maltako agintariei itsasontzia herrialdeko uretan sar dadila. Israelen erasoak kaltetutakoen artean Mikel Zuluaga 'Mikelon' euskal herritarra dago, eta baieztatu du etxera itzuliko dela.

Eneko Imaz Galparsoro 2025eko maiatzaren 05
Conscience (kontzientzia) itsasontzia droneekin eginiko erasoaren ondoren. Askatasunaren Ontzidia ekimena

Conscience (kontzientzia) itsasontzia droneekin bonbardatu zuten ostegunetik ostiralerako gauean, Maltatik hamahiru miliara. Erasoak itsasontziaren branka izan zuen jopuntu, eta Palestinaren aldeko Askatasunaren Ontzidia ekimenak igandean argitaratutako prentsa ohar batean baieztatu duenez, tripulazioko lau kide zauritu zituen. Geroztik, Maltako Gobernuak itsasontziari herrialdeko uretan sartzea galarazi dio, eta hara laguntza eskaintzera joan nahi izan duten ekintzaileei bidea oztopatu diete Maltako Indar Armatuek.

Halaber, ekimenak jakinarazi du Maltako Gobernuak itsasontzia konpontzeko asmoa erakutsi duela azken orduetan, baina hori nahikoa ez dela argi utzi du oharrean Askatasunaren Ontzidiak: "Maltako Gobernuari eskatzen diogu herrialdean sar gaitezela inongo oztoporik gabe eta ez dezala baldintzarik ezarri Gazara laguntza humanitarioa heltzeko dugun misio baketsua blokeatzeko". Agus Gorbea erasoaren ekimenaren euskal ordezkarietako bat da, eta Maltan dauden ekintzaileekin hitz egin ondoren ARGIArekin telefonoz hitz egin duen unean, astelehen goizean, adierazi du ekintzaileak oraindik Maltako Gobernuarekin negoziatzen ari direla itsasontzia herrialdeko portu batera eramateko.

Mikel Zuluaga 'Mikelon', Pili Revilla eta Agus Gorbea Askatasunaren Ontzidia ekimeneko euskal ordezkariak.

Mikel Zuluaga "Mikelon" Euskal Herrira itzuliko da

Erasoaren unean tripulazioa zegoen soilik ontzian, aktibistak lurrean baitzeuden ontziratu zain. Munduko 21 herrialdetako 50 militante inguru ziren ontziratzekoak, horien artean Mikel Zuluaga 'Mikelon' euskal herritarra. Honako hau adierazi zion ostiralean ARGIAri erasoaren hurrengo orduetan: "Israelen inpunitatea ez sinestekoa da. Aurretik egin dituzte abordatzeak, oraingoan 2024koan bezala uste genuen arazo teknikoak planteatuko zituztela itsasoratzea ekiditeko... baina bonbardatu egin dute ontzia, bonbardatu. Hemen hau egiten badute, zer ez dute egingo Palestinan. Basakeria hutsa da". Bada, Zuluagak jakinarazi dio Agus Gorbeari Euskal Herrira itzuliko dela laster.