Ostegunetik ostiralerako gauean dronekin egin diote eraso Gazako blokeoa apurtu eta genozidioa salatu nahi duen nazioarteko ekimenaren itsasontziari, Maltatik hamahiru miliara, nazioarteko uretan. Aktibisten artean Mikel Zuluaga Mikelon euskal herritarra dago. “Hemen hau egiten badute, zer ez dute egingo Palestinan” adierazi dio Maltatik ARGIAri.
“Conscience (kontzientzia) itsasontzia gaur 00:23an dronekin bonbardatu dute, nazioarteko uretan Maltatik gertu. Palestinako herria jasaten ari den setioa eta genozidioa salatzeko xedez, mundu osoko berrogeita hamar bat aktibista Gazarako bidean itsasoratu behar zirenean, laguntza humanitarioa itsasoz sartzeko, itsasontziaren branka bi aldiz jo dute. Sua eta kroskoan haustura eragin dituzte”. Hori da Askatasunaren Ontzidia ekimenetik jakinarazi dutena.
Maltan dagoen ekintzaileetako bat da Mikel Zuluaga Mikelon euskal herritarra. ARGIAri Maltatik telefono elkarrizketan azaldu dionez, erasoaren unean tripulazioa zegoen soilik ontzian, aktibistak lurrean zeuden ontziratu zain. Munduko 21 herrialdetako 50 militante inguru ziren ontziratzekoak. Ez dakite zenbat dronek hartu duten parte erasoan, baina bat baino gehiago izan dela ziurtatu du. “Ontziaren sorgailua apurtu dute, eta kroskoan zuloa egin”. Elkarrizketaren unean (ostiraleko 11:10) ekintzaileek ez zekiten ziur zein zen ontziaren eta tripulazioaren egoera kontaktu zuzena galduta zutelako, baina uste dute ez dagoela zauriturik eta ontzia urperatzeko arriskuan dagoela.
Zuluagak fokua Palestinako egoeran jartzea eskatu du, eta ez ontzian edo ekintzaileengan. Hirugarren aldia da Zuluagak ontzidiaren sabotajea pairatzen duena, baina harrituta eta haserre azaldu da halere. “Israelen inpunitatea ez sinestekoa da. Aurretik egin dituzte abordatzeak, oraingoan 2024koan bezala uste genuen arazo teknikoak planteatuko zituztela itsasoratzea ekiditeko... baina bonbardatu egin dute ontzia, bonbardatu. Hemen hau egiten badute, zer ez dute egingo Palestinan. Basakeria hutsa da”. Askatasunaren Ontziditik Zuluagaren adierazpen bat zabaldu dute, sakatu hemen irakurtzeko.