Israelek Gazan eta Zisjordanian egindako giza eskubideen urraketak argi uzten dituen Kanpo Ekintzarako Europako Zerbitzuaren txostena esku artean, EBko Atzerri ministroek erabaki dute Israel-EB elkartze-akordioarekin berdin-berdin segitzea. EBren "ekintza-eza" ikusita, EBko Justizia Auzitegira jo du JURDI Nazioarteko Zuzenbidea Errespetatzeko Juristen Elkarteak.
Kanpo Ekintzarako Europako Zerbitzuaren txostenean ezin argiago azaldu dira Israelek Gazan eta Zisjordanian egindako giza eskubideen urraketak eta gehiegikeriak. "Hamaika asteko erabateko blokeo orokortua", Israelek zibilen kontra bideratu "eraso itsuak", "ospitaleen kontrako erasoekin bizitza eskubidea urratzea", "bizirauteko ezinbestekoak diren azpiegituren suntsiketak", herritarren lekualdatze behartuak... sionistek Gazan bideratu gerra krimenen zerrenda luzea da, finean, txostena. Zisjordanian Israelek duen jarrera ere gogorki kritikatzen du idatziak: "2023ko urriaren 7az geroztik, palestinarren aurkako diskriminazio, zapalkuntza eta indarkeria joera negatiboek okerrera egin dute [Zisjordanian]".
Hori horrela, zortzi orriko txostenak agerian utzi du EB eta Israel batzen dituen elkartze-akordioaren 2. artikulua –giza eskubideen errespetuari dagokiona– ez dela errespetatzen. Ondorio horretara heldurik aritu dira eztabaidan uztailaren 14 eta 15ean Europar Batasuneko 27 Atzerri ministroak, argitzeko zer nolako segida eman behar zioten elkartze-akordio horri.
Finean, elkartze-akordioarekin berdin-berdin segitzea erabaki dute: "Helburua ez da Israel zigortzea; helburua da Gazako egoera benetan hobetzea", ohartarazi du lotsarik gabe Kaja Kallas Europako Batzordeko presidenteorde eta Atzerri Gaietarako eta Segurtasun Politikarako goi-ordezkariak. Ofizialki, 27en arteko adostasunik ez lorturik, EBko estatuek uko egin diote Israel zigortzeari eta goi-ordezkariak aurkezturiko hamar neurrietako bakar bat ere ez diote bideratuko. Zigor horien artean dira, besteak beste, elkartze-akordioa bertan behera uztearena, Zisjordaniako kolonia sionistetatik datozen produktuen aurkako enbargoa edo Israelek Europako zenbait programatan duen parte-hartzearen bukaera. Baina ez: Israelen gehiegikeriak eta giza eskubideen urraketak aitortu arren, ez diote zigorrik bideratuko.
"EBren historiako unerik lotsagarrienetakoa bezala geldituko da memorietan. Europako buruzagiek Israelen krimenen aurkako jarrera hartzeko aukera zuten, baina, horren ordez, argi berdea eman diote Gazan bideratu genozidioa, Palestinako lurralde okupatu osoko okupazio ilegala eta palestinarren aurkako apartheid sistemarekin segitzeko", salatu du Agnes Callamard Amnesty Internationaleko idazkari nagusiak.
Ofizialki, laguntza humanitario gehiago sarrarazteko bermea ukan dutelako ondorioztatu dute ez zegoela elkartze-akordioa moldatzeko edo mozteko beharrik
Ofizialki, laguntza humanitario gehiago sarrarazteko bermea ukan dutelako ondorioztatu dute ez zegoela elkartze-akordioa moldatzeko edo mozteko beharrik. Kaja Kallasek dioenez, ondokoa engaiamenduak hartu ditu estatu sionistak: "Gazara elikagaiak eta elikagaiak ez diren produktuak egunero garraiatzen dituzten kamioien kopurua nabarmen handitzea", "beste hainbat pasabide irekitzea" eta "instalazio humanitarioetara bideratutako erregai entregak berriz hastea, maila operatibo batera heltzeraino".
Maiatzaren 20an, Atzerri eta Defentsa Ministroen Europako Kontseilu baten ostean, Kaja Kallasek iragarri zuen elkartze akordioa berraztertuko zutela. Hamazazpi estatu kidek ekin zuten horren alde, Espainiako eta Irlandako lehen ministroek lehen eskaera ofiziala egin eta urtebetera. Hortik hilabete batera, ekainaren 23an plazaratu zuen bere txostena Kanpo Ekintzarako Europako Zerbitzuak.
EBko hogeita zazpi estatu kideen "ekintza-eza" ikusirik, JURDI Nazioarteko Zuzenbidea Errespetatzeko Juristen Elkarteak "gabeziagatik" prozedura bat aurkeztuko du ostegun honetan EBko Justizia Auzitegian. Europako Batzordea eta Kontseilua ditu jomugan, Benjamin Netanyahuren gobernuak Gazan egindako krimenen aurrean bideratu ekintza-ezagatik. Zuzenbidearen errespetua" galdetzen dutela zehaztu dute juristek: "JURDIk espero du EBko Justizia Auzitegiak formalki egiaztatzea erakundeen gabezia, eta hau agintzea: dagozkion erabaki juridiko eta ekonomikoak har ditzala EBk". Elkarteak gogorarazi du "ezein arau politiko edo diplomatikok ezin duela justifikatu giza duintasunaren eta genozidioaren aurkako babesaren oinarrizko eskubideen urraketa".
Gideon Saar Israelgo Atzerri ministroak adierazi duenez, "lorpen politiko garrantzitsua lortu" dute, "Europar Batasunean Israelen aurka zigorrak ezartzeko hainbat herrialdek egindako saiakera obsesiboei aurre eginda".