argia.eus
INPRIMATU
Palestinar erresistentziari elkartasunez, egitarau zabala prestatu dute azaroaren 15erako Makean
  • Aurten bigarrenez, Iparraldea Palestinarekin sareak "palestinarrak haien erresistentzian sustengatzeko eta Israel zein bere konplizeen kontra borrokatzera deitzeko eguna" antolatu du azaroaren 15ean Makean (Lapurdi). Halaber, dei egin dute azaroaren 8an Israelekin elkarlanean ari diren bost enpresaren aurrean egingo diren elkarretaratzeetan parte hartzera.

ARGIA @argia 2025eko urriaren 14a
Azaroaren 15eko egitarauaz gain, 8an deitutako mobilizazioen berri ere eman dute prentsaurrekoan. Guillaume FAUVEAU

Egun osoko egitaraua prestatu dute azaroaren 15erako. Garbiketa etnikoa eta kolonialismoa lehen lerrotik bizi dutenei hitza eman nahi izan dietela azaldu dute sustatzaileek, "haiekiko elkartasunez, baina baita Israelen proiektu politiko hori desegiteko bidean, gure gogoeta politikoa armatzeko asmoz ere".

Goiz partean "Israelen proiektu kolonial eta genozidari aurre egiteko borrokak" izango dituzte hizpide Salah Hamouri abokatu franko-palestinar eta giza eskubideen aldeko ekintzaileak, Sarah Katz UJFP Bakerako Batasun Judu Frantseseko kideak eta Mayis Qaisi Zisjordaniako Nebluseko Balata errefuxiatu gunean sortu eta gaur egun Pauen bizi denak.

Ibantuta eta Bachar Zain musikariek kontzertua eskainiko dute bazkaldu aurretik, eta ondoren –15:30etatik aurrera lau hitzaldi izango dira: Laborari palestinarrak, Israelen jomugan, Sarah Katz eta Le Philistin proiektuaren sortzaile Jean-Marie Dansettek eskainia; Frantzian eta Ipar Euskal Herrian, Palestinarekiko elkartasunaren kontrako errepresioari aurre egin, non Urgence Palestine kolektiboko eta SAF Frantziako Abokatuen Sindikatuko kide banak hitz egingo duten; Urgence Palestine eta Tsedek kolektiboek Sionismoaren kolonialismoak baditu milaka aurpegi hitzaldia emango dute; eta Euskal Herriko BDS taldeak Boikota: lekuko konplizeak jomugan, Israel kolpatzeko. Euskal Herriko zenbait kanpaina eta garaipen izenekoa. Haurren txokoan, bestalde, antzerki tailerra, irakurraldiak eta jokoak eskainiko dituzte, besteak beste.

Egitaraua kontzertuek itxiko dute: Mikel Urdangarin, Skalpel, Gailu, On eta AKts.

"Elkartasuna da dagokigun armetarikoa"

"Palestinar erresistentzia laguntzeko denek eragin dezakegula azpimarratu nahi dugu", adierazi dute Ipar Euskal Herriko Palestinaren aldeko kolektiboen sareko kideek, astelehenean Makean eman duten prentsaurrekoan. "Elkartasuna da dagokigun armetarikoa, eta horrekin batera boikota", gaineratu dute: "Israelen genozidioaren konplize andana dugu gure inguruan. Harreman horiek moztea da boikotaren helburua, eta guztien artean presio sozial eta ekonomikoaren bitartez lortu dezakegu. Boikotaren bidez eragiteko deia luzatua digute palestinarrek eta egin dezakegun gutxienekoa da hori". Masiboki eginez gero garaipenak ekarri ditzakeela diote, Puma, Axa edo EHU-rekin gertatu den bezala, adibidez.

Israel eta bere konplizeen kontra borroka egin behar dela dio Iparraldea Palestinarekin sareak, boikotaren bidez eta Israel desnormalizatzeko ekintza kolektiboen bidez. Zentzu horretan, azaroaren 8an, mobilizazioak egingo dituzte Israelekin elkarlanean ari diren enpresak seinalatzeko. Bost enpresa hauen aurrean bilduko dira (11:00etan): Baionako San Leongo Burger King, Hendaiako McDonald’s, Ahierrako Lauak, Donibane Garaziko Carrefour, eta Bildozeko Etche Sécurité.