argia.eus
INPRIMATU
Palestina ez da NBEko kide izango, AEBak Israelekin lerratu direlako beste behin
  • Palestina NBEko estatu kide gisa onartzeko ebazpena ostegun honetan bozkatu dute Segurtasun Kontseiluan. Gehiengoa –12 boto– alde agertu bada ere, bi abstentziorekin batera, AEBen ezetza nahikoa izan da proposamena bertan behera uzteko.

Axier Lopez @axierL 2024ko apirilaren 19a
AEBetako ordezkari Robert Wood, Palestina kide izatearen aurkako botoa ematen. Argazkia: AFP

AEBek berriro zaindu dituzte Israelen interesak Nazio Batuen Erakundean: Palestina eskubide osoko kide bihurtzearen aurka agertu dira. Eta hala, Palestinak, Hamas baztertuta duen Palestinako Aginte Nazionalaren bitartez, "estatu behatzaile" izaten jarraituko du orain arte bezala.

Ebazpena Aljeriak aurkeztu du Nazio Batuen Arabiar Taldearen izenean. 12 boto alde (Errusia, Txina, Frantzia, Aljeria, Ekuador, Eslovenia, Guyana, Japonia, Malta, Mozambike, Korea eta Sierra Leona), bi abstentzio (Erresuma Batua eta Suitza) eta AEBren kontrako botoa. Hau da, NBEk mundu osoko 193 estatu ordezkatzen baditu ere, herrialde baten aurkako boto bat nahikoa da guztien izenean erabakitzeko, NBEko Segurtasun Kontseiluan indarrean den araudi ez demokratikoaren arabera.

AEBek Israelek eskatzen duenaren arabera bozkatu dute beste behin. Bi alderdi argi geratu dira osteguneko bozketan. Batetik, Israelen eta AEBen isolamendua, nazioarteko komunitate deiturikoaren gehiengoaren posizioaren aurrean. Eta bestetik, Israelen interesak kosta ahala kosta defendatzea estrategikoa da AEBentzat. Joe Bidenen Alderdi Demokratako zenbait ahotsek eta bere boto-emaile askok jarrera gogorragoa eskatu dute Israelen aurrean, tartean sionistei armak bidaltzeari uztea. Baina osteguneko erabakiak zalantza guztiak argitu ditu: AEBetan dagoen hauteskunde giroari lotutako eztabaida dialektikotik haratago, proiektu sionistaren defentsa irmoa da AEBetako gobernuaren lehentasuna.

AEBek NBEn duten bozeramailearen arabera, Palestinak ez ditu NBEko estatu kidetzat jotzeko baldintzak betetzen, "Hamas erakunde terrorista da eta bere esku dago boterea Gazan". AEBek argudiatu dutenez, Palestinako Estatuak, sortzekotan, Israelekin egindako aldebiko negoziazioaren emaitza gisa beharko luke etorri, eta ez "alde bakartasunez inposatu". Horren aurrean, Ziad Abu Amr Palestinako ordezkariak Segurtasun Kontseiluaren aurrean gogorarazi du nola sartu zen Israel NBEra: erabaki baten bitartez sartu zuten, 1948an bozkatutako 181. ebazpenaren eskutik eta ordutik zuzenbide osoko estatu kidea da.

Iazko urriaren 7tik, laugarren aldia da AEBek betoa erabiltzen dutena Israelen alde. Gazan berehalako su-etena eskatu zuten hiru ebazpenei betoa jarri diete, Israelek bere burua defendatzeko eskubidea aintzat hartzen ez zutelako edo su-etenak Hamas berriz armatzeko soilik balioko zuela argudiatuta.