AEBen bitartekaritzarekin larunbatean adostutako su-etenak badirudi bi aldeen arteko tentsioa murriztu duela. Halere, Narendra Modi presidenteak ohartarazi du Indiak ez dituela ekintza militarrak amaitu, baizik eta "eten tarte baterako". Islamabadeko eta New Delhiko ordezkariak astelehenean bildu dira, eta, besteak beste, bien arteko mugan dauden soldadu kopurua murrizteaz mintzatu dira.
Astebete igaro da Indiak misilekin eraso zionetik Pakistani: "terroristen azpiegiturak" zirela argudiatuta, Indiako armadak bederatzi kokaguneri egin zien eraso, eta Islamabadek gutxienez 26 hildako eta 46 zauritu zenbatu zituen. Izan ere, New Delhiren erasoa apirilaren 23an Pakistango talde batek Indiak kontrolatzen duen Kaxmirko zatian eginiko sarraskiaren ondoren heldu zen: gertakari horretan, Erresistentzia Frontea talde armatuak 26 turista hil zituen. Asia Hegoaldeko Terrorismoaren Atariaren arabera, talde armatu hori Lashkar-e-Taiba (Aratzen armada) talde islamistaren adar bat da, eta azken hori finantzatzea leporatu izan dio Indiak Pakistani.
Indiaren erasoaren berri izan eta berehala, Shehbaz Sharif Pakistango lehen ministroak adierazi zuen Islamabadek "erabateko erantzuna" emango zuela, eta hala egin zuen: India iparraldeko zenbait gune bonbardatu zituen, eta eraso horietan zortzi lagun hil. 1947an Britainia Handiko Inperiotik independentzia lortu zutenetik, bi herrialdeek lau gerra eduki dituzte elkarren aurka, azkena 1999an. Indiaren astearteko erasoak abiatutako gatazkarekin berriz piztu dira nazioarteko alarmak, baina badirudi New Delhiren eta Islamabaden arteko tentsioa murrizten ari dela azken egunetan.
AEBek bitartekari rola hartuta, bi aldeek su-eten akordio bat sinatu zuten larunbatean. Donald Trump Etxe Zuriko maizterrak eman zuen erabakiaren berri, sare sozialetan: "Zorionak bi herrialdeei zentzuz eta adimenez jokatzearren". Haatik, menia indarrean sartu eta ordu gutxira, Kaxmir eta Jammu eskualdeetako gobernuaren ordezkaria den Omar Abdullahk salatu zuen leherketak entzun zirela Srinagar hirian. Vikram Misri Indiako Atzerri idazkariak su-etena urratzea leporatu zion Pakistani, baina Islamabadek ukatu egin zuen erantzukizun oro: "Pakistanek ezin izan du su-etena urratu, ez du horri buruz pentsatu ere egin".
Su-etena luzatzeko bildu dira India eta Pakistan
Bien arteko tentsioa areagotu zenetik eta larunbatean AEBen bitartekaritzarekin su-etena adostu zutenetik, astelehenean lehen aldiz bildu dira New Delhiko eta Islamabadeko ordezkariak. Indiako armadak kaleratutako oharrean, besteak beste, bi aldeek bien arteko mugan dauden soldadu kopurua murrizteko hartu beharreko neurriak aztertu dituztela aipatzen da. Gainera, oharraren arabera, elkarrizketetan Indiak eta Pakistanek elkarri eraso gehiago ez egiteko konpromisoa luzatzeko pausoak eman dituzte.
Indiako armadak kaleratutako oharrean agertzen diren puntuak, ordea, kontrakotasunean jarri dituzte Narendra Modi herrialdeko presidenteak astelehenean egindako adierazpenek: Pakistanekin su-etena sinatu zutenetik presidentea lehen aldiz zuzendu zitzaien indiarrei, eta baztertu egin zuen ekintza militarrak amaitu izana: "Soilik eten egin ditugu denbora baterako. Eraso orok merezi duen erantzuna izango du". Gainera, Modik azaldu zuen ez dutela Islamabadekin negoziatuko elkarrizketak ez badira "terrorismoari eta Pakistanek kontrolatzen duen Kaxmiko zatiari" buruz.
Kaxmir, gatazka guztien sorburu
Britainiar Handiko Inperioaren atzaparretatik irtetea lortu zutenetik, Indiaren eta Pakistanen arteko gatazka gehienen sorburua izan da Kaxmir. Hain zuzen, bi herrialdeen arteko lehen gerraren arrazoia izan zen eskualde hori, 1947ko independentzia prozesuan musulmanak gehiengoa ziren eskualde bakarra izan baitzen Indiaren parte izatea erabaki zuena, non hinduismoa nagusi den. Geroztik, bitan banatuta egon da Kaxmir: Pakistanek Kaxmir iparraldeko Azad Kixmir eta Gilgit-Baltistan eskualdeen gaineko kontrola du, eta Indiak Jammu eta Kaxmir eskualdearena.
Kaxmirko musulmanak 1990eko hamarkadan hasi ziren Indiako segurtasun indarrei eraso egiten, 2000ko lehen hamarkadaren amaieran egoera zertxobait baretu bazen ere. 2014an Narendra Modi (BJP Bharatiya Janata alderdikoa) Indiako lehen ministro izendatu zutenetik, ordea, nabarmen areagotu dira hango talde armatuek eginiko ekintzak. Esaterako, apirilaren 23an 26 turista hil zituen erasoaz gain, 2019ko otsailean 40 soldadu indiar hil zituen talde armatu batek, eta Indiaren eta Pakistaren arteko gerra bat pizteko zorian egon zen une horretan ere. Agintaritzara heldu zenetik, Kaxmirko musulmanen eskubideak murriztea eta eskualdea Indiara integratzea izan du xede Modik, eta horrek hango biztanleriaren haserrea nahiz erreakzioak areagotzea eragin du.