Erregea iraintzeagatik kondenatutako rap abeslari katalanak ostirala du espetxean aurkezteko azken eguna, eta publikoki jakinarazi du ez dela borondatez azalduko. Egun bat lehenago deitu du Gasteizko mobilizazioa Pablo Haselen Aldeko Gasteizko Babes Taldeak, “amnistia osoa” aldarrikatuz.
Pablo Hasel elkartasun eta babes keinu ugari ari da jasotzen aste honetan Herrialde Katalanetan, Espainian zein Euskal Herrian. Abeslariaren aldeko Gasteizko Babes Taldearen ustetan, hiru arrazoirengatik izan da kondenatua rap abeslaria: “Alde batetik, egia gordinak esateagatik eta espainiar Estatu faxistan askatasun-politikorik ez dagoela salatzeagatik; bestetik, preso politiko antifaxistei etengabeko elkartasuna adierazteagatik eta langileriaren zati baten erreferente bihurtzeagatik; eta azkenik, bere militantzia politikoagatik eta bere oinarri iraultzaileetan tinko eta koherente irauteagatik”.
Espetxearetzearekin preso politiko bilakatuko da Pablo Hasel, deitzaileen esanetan. ARGIAra igorritako idatzian gogoan izan dute Haselek elkartasuna adierazi diela Euskal Herriko beste preso politiko batzuei, hala nola Patxi Ruizi eta Iñaki Bilbao ‘Txikito’ri, eta Oier Gómez Arantza Díaz gasteiztarrei. Borrokarako eta mobilizaziorako deia egin dute, “Pablo Haselen eta preso politiko guztien amnistia eskuratzeko”.