Terrorismoa goraipatzeagatik eta Espainiako Erregearen ohorea iraintzeagatik deklaratu du Pablo Hasel rap kantariak Auzitegi Nazionalean. Fiskaltzak ia hiru urteko kartzela zigorra eskatzen du bere aurka eta 40.500 euroko kalte ordaina.
Adierazpen askatasunaren aurkako bigarren epaiketari aurre egin berri dio Pablo Hasel rap kantariak. Ostegunean Auzitegi Nazionalaren aurrean deklaratu du terrorismoa goraipatzeaz leporatuta. Espainiako Estatuaren eta Guardia Zibilaren inguruan adierazitako hainbat mezu ere frogatzat hartu ditu Fiskaltzak.
Epailearekin aurrez aurre zegoen bigarren aldia zelako, edo Twitter bidez azaldu duen bezala, “bere ideiak amaiera arte” defendatuko dituelako, Haselek adierazpen argiak egin ditu epaiketan. Idatzitako txioak “datu objektiboak” baino ez direla berretsi du eta ideia ezberdinak izateagatik kartzelaratu behar badute, “herrialde erdia auziperatu” beharko dutela ohartarazi die Auzitegi Nazionaleko epaileei.
“Epaiketa honekin dirudi nire errua dela Erregeak diru publikoz ordaintzea bere festak eta ehiza egunak”, adierazi du Juan Carlos Bobón abestiaz galdegin dienean. Herriak aukeratu ez duen kargu goren bat dela, eta iritzi pertsonala albo batera utzita, errealitatea baino ez duela azaltzen esanez defendatu du bere burua.
Adierazpen askatasunaren aurkako epaiketa izan dela salatu dute hainbat herritarrek sare sozialen bidez. Espainiako Segurtasun Indarren izen ona zikintzeaz ere leporatu dute Hasel, baina berak defendatu duenez, Poliziaren jarduna ez da zigortzen “egiten dutena egiten dutela”: “Etorkinak hiltzea debalde irteten da. Salatzea, aldiz, garestia izan daiteke”.
Bi urte eta bederatzi hilabeteko kartzela zigorra eskatu du Fiskaltzak rap kantariarentzat, baita, 40.500 euroko isuna ere. Zigor ekonomikoa ordainduko ez balu, bost urteko espetxealdia jazan beharko luke.
Publicok Haselen aurka erabili diren txioak bildu ditu. Hemen dituzue eskuragarri.