argia.eus
INPRIMATU
Pablo Gonzálezen aurkako zigor auzibidea itxi du Poloniako Justiziak
  • Varsoviako Barrutiko Auzitegiak argudiatu du González jada ez dagoela Polonian, eta ezin dutela jakin noiz aterako den Errusiatik. Auzitegiak ez du kazetari nabarniztarraren aurkako bestelako prodezurarik abian jarriko.

Eneko Imaz Galparsoro 2025eko martxoaren 11
FreePabloGonzález plataforma

Anna Ptaszek Varsoviako Barrutiko Auzitegiko bozeramaileak eta epaileak eman du erabakiaren berri, Rzeczpospolita Poloniako hedabideari eginiko adierazpenetan. Ptaszeken arabera, auzitegiak ez du espero González Errusiatik itzuliko denik, eta, hortaz, ezin da prozedura penala "behar bezala" jarraitu akusatua auzitegian agertzen ez bada. 2022ko otsailean atxilotu zuten Poloniako zerbitzu sekretuek, Errusiak Ukraina inbaditu eta gutxira.

2016tik 2022ra Errusiako zerbitzu sekretuei informazioa helaraztea leporatu zion Poloniako Fiskaltzak Gonzálezi, eta preso bi urtez izan ostean askatu zuten, 2024ko abuztuan, NATOren eta Errusiaren arteko preso truke batean. Espetxealdian "torturak" eta bestelako "presio metodoak" jasan zituela salatu zuen Radomgo espetxetik irten eta berehala, RT kateari eskainitako elkarrizketa batean. Haren aurkako akusazioak "susmoak" besterik ez zirela azaldu zuen: bere aurkako akusazioa zein zen atxilotu eta bederatzi hilabetera jakin zuen.

Varsoviako Barrutiko Auzitegiaren erabakia Poloniako Fiskaltzak 2024ko abuztuan ebatzitakoari kontrajartzen zaio: "espioitza" egotzita, kazetari nabarniztarraren aurkako karguak aurkeztuko zituela iragarri zuen. Gonzálezen abokatu Gonzalo Boyek Berria egunkariari adierazi dio epaiaren ebazpena irakurri arte itxarongo dutela "balorazio bat" egiteko, orain arte dakiten guztia auzitegiak kaleratutako prentsa oharraren bidez jakin dutelako.