argia.eus
INPRIMATU
Pablo Gonzalezek espetxetik salatu du babesgabe dagoela, akusazio zehatzen faltan
  • Hamasei hilabete daramatza behin-behinean preso Pablo Gonzalez kazetariak Polonian, eta asteburuan bigarren bisita izan du. Oihana Goiriena bikotekideak helarazi duenez, Gonzalezi larriena iruditzen zaio ezin duela defentsarik prestatu, oraindik ez diotelako akusazio zehatzik egotzi.

ARGIA @argia 2023ko ekainaren 20a
Pablo Gonzalez kazetariak Poloniako espetxetik hilabeteotan jasotako elkartasuna eskertu du.

Pablo Gonzalez kazetaria bisitatzeko baimena eman diete Oihana Goirienari, bien seme zaharrenari eta Gonzalezen amari, eta Gonzalo Boye abokatuarekin hitz egin ahal izan du. Poloniako espetxean 16 hilabeteetan jaso duen bigarren bisita izan da, eta Goirienak jakinarazi duenez, Gonzalez fisikoki ondo dago baina animoan eragiten ari zaizkio isolamenduan igarotzen ari den hilabeteak. Egunean soilik ordubetez atera daiteke patiora.

Kazetariak larriena zera dela dio: haren aurkako salaketa zehatzik ez egotea hamasei hilabeteren ondoren. “Pablo kartzelan mantentzeko argudio bakarra da Errusiari mesedegarri zaizkion albiste-emailea izatea; baina bere lana ezagutzen duen edonork badaki hori ez dela horrela”, gogorarazi du Goirienak. Gonzalezek babesgabetasuna salatu du kartzelatik, Goirienak kontatu duenez: “Ezinezkoa da gutxieneko berme batzuekin defendatzea, salaketa zehatzik ezagutzen ez denean, Pablori gertatzen zaion bezala”. Nabarmendu du bisita bi ordukoa izan dela, eta grabatzeaz gain uneoro izan direla eurekin itzultzaile bat, Poloniako zerbitzu sekretuetako agente bat eta espetxeko bi funtzionario.

Gonzalez batik bat Poloniako Kanpo Harremanetarako ministroarekin “oso haserre” agertu dela azpimarratu du bikotekideak, izan ere, agerraldietan esan izan du Gonzalezen aurkako karguak “larriak, oso larriak” direla. Kritikatu du ministroak informazio gehiago izatea akusatuak eta haren abokatuak baino.

Elkartasunari eskertza

Haserreaz gain familiari poza ere adierazi diola kontatu du Goirienak, hilabeteotan jasotzen ari den elkartasunagatik eta FreePablo plataformako kideen babesagatik. Ziurtatu du ekinean jarraituko dutela, lortu arte onartzea familiarekin telefonoz hitz egiteko eskubidea, semeekin aldiro-aldiro hitz egitea eta bidezko epaiketa izatea.