argia.eus
INPRIMATU
Pablo Gonzalezek bere gertukoekin eta abokatuarekin hitz egiteko aukerarik gabe jarraitzen du
  • Hamabost egun daramatza atxilo kazetari bizkaitarrak, eta ofiziozko abokatu bat esleitu diote Poloniako autoritateek.

Gedar @GedarLangileKZ 2022ko martxoaren 15a

Badira bi aste Pablo Gonzalez kazetaria Polonian atxilotu zutenetik; lau egunez inkomunikatuta izan ostean espetxeratu zuten Rzeswów-ko kartzelan, Poloniaren eta Ukrainaren arteko mugatik hurbil. Kazetaritza-lanetan jarduten du nabarniztarrak, baina espioitza delitu bat leporatuta kartzelaratu dute.

Oraindik ez diote utzi bere gertukoekin eta konfiantzazko abokatuarekin, Gonzalo Boyerekin, hitz egiten. Boyek gaur jakinarazi duenez, Poloniako autoritateek ofiziozko abokatu bat esleitu berri diote Gonzalezi. "Europar Batasuneko herrialde batean, pertsona bat hamalau egunez egon da abokaturik gabe, deklarazioa hartu eta espetxean sartu duten bitartean", esan du Boyek. Kazetariaren defentsa prestatzen ari direla azaldu du.