Polonian, Rzeszóko presondegian dago Pablo Gonzalez kazetaria, espioitza delitua leporatuta. Eskualde hartako Auzitegiak aginduta ezarri diote behin-behineko espetxea, datorren maiatzaren 29ra arte.
Preso hartu zutenetik hilabete pasa denean, ez familiak ez Gonzalo Boyé abokatuak oraindik ezin izan dute berarekin hitz egin.
Bien bitartean, hainbat dira Pablo Gonzálezen kasuan instituzioen esku-hartze handiagoa eskatzen ari direnak. Zentzu horretan, Euskal Irrati Telebistako Erredakzio Kontseiluak eskatu du kazetaria libre uzteko. Salatu dute poloniar agintariek ez dutela errugabetasun presuntzioa errespetatzen, "ezta kazetariak informazioa emateko eta konfiantzazko abokatua izateko duen eskubidea ere", Naiz.eus-ek jaso duenez.