Adierazpen askatasuna aldarrikatzeko eta "eskuin erreakzionarioaren ofentsibari aurre egiteko" batuko dira. Egun horretarako Euskal Preso Politikoen alde antolatua zuten hitzaldia eta ekitaldia salatu du UPNk, eta hura zelatatzeko agindu du Espainiako Audientzia Nazionalak.
Apirilaren 17an, Preso Politikoen Nazioarteko eguna dela eta, Ernaik Euskal Preso Politikoen inguruko hitzaldi eta ekitaldi politiko bana antolatu ditu. Horren aurrean UPNk salaketa jarri du Espainiako Auzitegi Nazionalean. Ondorioz, Ernaik egingo dituen hitzaldi eta ekitaldiak Espainiako Polizia Nazionalak zein Guardia Zibilak zelatatuko ditu.
Ekimenak Francisco Casanovaren izena daraman musika eskolan antolatu behar zituzten, baina, salaketaren ondorioz, bertatik kanpo egin beharko ditu Ernaik. UPNek Espainiako Auzitegi Nazionalak hartutako erabakiaren inguruan zera adierazi du: "Ez zaigu nahikoa iruditzen, Berriozarko Udalak ez zielako udal espaziorik laga behar. Biktimak umiliatzen jarraitzen dituzte". UPNk "terrorismoaren biktimen defentsan" jarri zuen salaketa.
Musika eskolatik kanpo egiteaz gain, Ernaik gertakariaren inguruan antolatutako ekimen oro, Guardia Zibilak zein Espainiako Polizia Nazionalak zelatatuko ditu, manifestaziorako deialdiko prentsaurrekoan gertatu bezala. Manifestazioa Berriozarren izango da Apirilaren 17an 18:00etan, Dinantes de Navarra plazatik abiatuta.
Ernairen irakurketa
Ernaik hilabeteak daramatza Berriozarren apirilaren17tik 20ra izango den Gazteon Eskutik Topagunea antolatzen, baina azken asteetan "zenbait lobby zein alderdi espainolistek" martxan jarri duten "operazioa" salatu du larunbateko prentsaurrekoan. Apirilaren 17an antolatutako ekitaldia horren adibide bezala jarri du. Egitasmo horren helburua "egoera normalizatzea", "presoen auzia konpontzea" edo "gatazkaren muinean dauden arrazoiei erreparatzea" dela adierazi du.
Horren aurrean "ondoeza besterik eragiten ez duten" ultraeskuineko sektoreek "operazio" bat abiatu dutela adierazi du Ernaik. "Modu gradualean" egin diren "erasoak" direla salatu du, "Ernai zein gazteon eskutik topagunea kriminalizatzeko" asmoz. Ondorioz, Ernaiko hainbat kidek "babesa eta segurtasuna" izateko bermerik ez dutela jakinarazi du antolakundeak.
Bide horretatik, "estrategia oso bat" martxan dagoela salatzearekin batera, manifestaziora batzeko deia zabaldu du. "Orain inoiz baino indar handiagoarekin askatasunaren aldarrikapenak Berriozarreko kaleak zeharkatuko ditu", antolakundearen aburuz.