Hiru gaztetxe eta “gune aske” bat okupatu dira joan den asteburuan Euskal Herriko hainbat herritan. Ormaiztegiko gaztetxea desalojatua izan da jada, eta Atarrabiako gaztetxeko kideek desalojo arriskuaren aurrean espazioa utzi dutela esan dute. Jazarpenen aurrean tinko mantenduko dutela adierazi dute, eta gune autogestionatuekiko konpromezua berrestu dute.
Ostiral arratsaldea okupazioaren eguna izan zen Euskal Herrian. Izan ere, Atarrabia eta Ormaiztegiko gazteek gaztetxea okupatu ztela adierazi zuen, eta Zeberioko Gazte Asanbladak, berriz, “gazte lokala” okupatu zutela zabaldu zuten sare sozialetan. Asteburua biribiltzeko, Larraunen “Printza” gaztetxea okupatu zuten.
Oztopoak eta jazarpenak pairatu dituzte asteburuan autogestioari ekin eta gaztetxeak okupatu dituzten gazteek. Ormaiztegiko gaztetxetik, adibidez, gazteak bota egin dituzte jada, eta Atarrabiako asanbladak espazioa uztea erabaki du, huste-arriskuaren aurrean. Atarrabiako Gazte Asanbladak adierazi duenez, haiek hasieratik ekin nahi zioten negoziazioari, baina instituzioen aldetik ez zitzaion jarraipenik eman negoziazio-mahai horren sorrerari.
Saretzea, ezinbestekoa
Aurtengo martxoan aurkeztu zen Erraki, Euskal Herriko Gune Autogestionatuen Sarea. Gune autogestionatuek “modu isolatuan aurkitzen dituzten mugak” gainditzeko sortu zuten antolakundea, eta klase elkartasunaz haien burua babesteko saretzea ezinbestekoa dela adierazi zuen aurkezpen dokumentuan Errakik, langileen antolaketa autonomoa ardatz duelarik. Hainbat gaztetxe eta gune autogestionatu lagundu ditu jada Errakik, hainbat esparrutako laguntza emanaz: laguntza teknikoa, laguntza juridikoa… Gune autogestionatuen arteko laguntza eta hartuemanaz baliatuz loraldi hau ahalik eta arrakastatsuena izatea nahi du Errakik, prozesu sozialista hauspotzeko.