Ozeano bihurtutako herria


2014ko urtarrilaren 13an - 00:00
Azken eguneraketa: 2015-02-26 13:37:33
Presoen zenbait senide, manifestazioaren aurreko partean. (Arg: Sortu)

Autonomia kolapsatuta. Zabalburu jendez lepo. Eta tropelak ez dio mugitzeari uzten. 17:00ak dira. Hau ez da Tantaz Tanta ekimenaren manifestazioa. Espainiako Gobernuak ez duelako hala nahi izan. Baina bada zer edo zer gehiago, debekuen aurreko erantzuna eta elkarlanaren adibidea, hain zuzen ere. Aspaldi ikusi gabekoa, bide batez esateko.

Mobilizazioaren aurrekaldean, pankarta bakarra eta ideologia paleta zabala. Leloa: “Giza Eskubideak. Konponbidea. Bakea”.

Ordu erdi pasa da eta beste hainbeste baino ez da falta hasteko. Autobusak Bilbon sartzen ari dira oraindik. Jendetzak mukuru bete ditu hiriko kaleak, espaloiak eta iskinak. Lagun bat baino gehiago semaforo gainean topa daiteke, datorrena ez galtzeko edo. Beste baten bat zakarrontzien goikaldean igota. Ingurukoek ikusminezko begirada dute, esperoan.

Manifestazio isila, oihuz

Manifestazio isila dela iragarri dute . Hutsaren hurrengoa da iragarpena, baina. Garrasiak eta kantak aditzen hasi dira martxa hasi aitzin ere. “Euskal presoak, etxera”. “Presoak kalera, amnistia osoa”. Koroa egin dute batzuek. “Eskerrik asko, Velasco”, espontaneoren batek baino gehiagok.

Makina bat tantadun kartel ikusten da manifestarien eskuetan, baita gomaespumaz egindako tantaz jantzitakoak ere. “Mobilitsasoa” egin behar omen zen, hasieran, “olatu” izanda. Eta azkenean, itsasgorak hartuta edo, ozeano pinta dauka Bilbok, etengabeko pertsona emarian.

18:00ak. Hasi da. Baina ez da mugitzen. Mantso doa. Ibilbidearen gune batzuetan 30 minutu egon da geldi. Dena den, joandakoek bertan segitzen dute, gogotsu. Itxaroten. Pixkanaka baina hurreratzen doa, masarengana gerturatzen.

Lehen lerroan, politikariak eta pertsona ezagunak; bigarren lerroan, euskal preso politikoen senideak. Hain juxtu, bigarren ilara pasatzerakoan entzun dira txaloak. Orduan ikusi da begi bete gehien, hunkituta. Eta “Atxilotuak askatu” aho batez esan du jende andanak. Hori izan da une emotiboena, askoren iritziz.

90 minutuen ostean iritsi da aurrekaldea Udaletxera, 19:30ean. Inork ez du komunikaturik irakurri, eta ez da amaiera ekitaldirik egon. Soilik txaloek eta bertaratutakoek kantatutako “zain dago ama, zain aita, zain andre eta lagunak…” doinuek eman dute protestaren amaieraren berri.

Ondoren, nork bere etxerako bidea hartu du. Bukaerarik ez duen ibai eta erreka itxura hartu du itsasoak.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Konponbidearen aldeko manifestazioa
2021-12-07 | Leire Artola Arin
Bakegileek fase berri bat abiatuko dute urtarrilaren 8ko manifestaziotik aurrera

Ekintza “indartsuagoak eta determinatuagoak” iragarri dituzte, euskal presoen auziaren konponbidean Frantziako Gobernuaren “borondate eza” ikusita.


Preso gaixoen etxeratzea eskatu dute milaka pertsonak Donostian

Larunbatean Donostiako Bulebarretik abiatu zen preso gaixoen aldeko manifestazioak milaka lagun bildu zituen. Sarek antolaturiko ekimenak arratsaldeko bostak aldera ekin zion ibilbideari “Larriki gaixo dauden euskal presoak etxera. Giza eskubideak. Konponbidea... [+]


EAJ ez da joango presoen eskubideen aldeko urtarrileko manifestaziora

Bere jarrera argi utzi du EAJk. Bat-bateko aldaketarik eman ezean, ez da Sarek antolatutako presoen aldeko manifestaziora joango urtarrilaren 10ean. Iazko manifestazioan egon bazen, egoera “ezohikoa” zelako izan zela esan du alderdi jeltzaleak.


2014-02-08 | ARGIA
ETAk bake prozesua indartzeko “urrats esanguratsuak” iragarri ditu

Azken hilabeteetako gertakariei buruz ETAk egiten duen irakurketa argitaratu du Gara egunkariak. Erakunde armatuak urtarrilaren 11ko manifestazioa “inflexio une” gisa hartu du eta “urrats esanguratsuak” iragarri ditu gatazkaren konponbidera bidean.


Maltzagatik
Korrontea


Eguneraketa berriak daude