argia.eus
INPRIMATU
Oxigeno-botilak egiten dituen eta itxita dagoen fabrika nazionalizatzeko eskatu diote langileek Macroni
  • Koronabirusak eragindako arnas-zailtasunei aurre egiteko hain baliagarriak diren oxigeno-botilak (eta leku batean baino gehiagotan falta dituztenak) egiten dituzte Frantziako Luxfer fabrikan. Itxita dago fabrika, eta bizi dugun egoerari aurre egiteko nazionalizatu dezala eta “berehala” berriro ere martxan jarri dezala eskatu diote bertako langileek Emmanuel Macron presidenteari.

ARGIA @argia 2020ko martxoaren 26a

Oxigeno-botilak egiten dituen fabrikak iaz itxi zituen ateak, diru-irabaziak izan arren dirudienez bestelako asmoak zituztelako nagusiek (koste baxuagoko eta etekin handiagoko produktuak ekoiztea). Europan bakarrik ez, Asian, Afrikan, Australian ere banatzen zituen oxigeno-botilak fabrika honek.

Orain, bizi dugun krisialdiaren aurrean, Frantziako Gobernuko presidentearen hitzak ekarri dituzte gogora langileek: “Pandemia honek argi utzi du badirela ondasunak eta zerbitzuak merkatuaren legetik at kokatu behar direnak”. Horregatik eskatu diote fabrika erabat nazionalizatzeko eta jarduna lehenbailehen jartzeko martxan, oxigeno-botilak behar dituzten lekuetara ahal bezain lasterren banatzen hasteko.

Covid19a duten gaixoak artatzeko ezinbestekoa den fabrika honen kontrola ez hartzeko gai izango al da Frantziako Gobernua? galdetzen dute El Salto Diariotik ekarri dugun artikuluan.