Altzuzako Oteiza Museoak bere webgunean jarri du Jorge Oteiza eskultorearen artxibo dokumentala. 44.000 fitxa dira orotara: argazkiak, bideoak, liburuak, prentsako artikuluak eta Oteizak eskuz edo idazmakinaz idatzitako 9.000 eskuizkribu. Dokumentu horiek guztiak jarri dituzte Interneten baina, egile eskubideak medio, horietako batzuk kontsultatu ahal izateko beharrezkoa izango da Altzuzako museora joatea. Museoko Ikasketa Zentroko arduradun Borja Gonzalezek sailkatu eta katalogatu du Oteizaren agiri ondarea. Gregorio Diaz Ereño museoko zuzendariaren hitzetan, "erakusketetan jartzen ditugu artistaren agiriak, eta haren pentsamendu prozesu osoa da orri horien atzean dagoena".