Arnaldo Otegiren hautagaitza: debekuari eutsi dio Hauteskunde Batzordeak

  • Gipuzkoako Hauteskunde Batzordeak astelehen honetan berretsi du Arnaldo Otegi EH Bilduko lehendakarigaiak ezin izango duela irailaren 25eko hauteskundeetan hautagai izan. Orain auziak Administrazioarekiko Auzien Epaitegitik jarraituko du. Madrilgo Konstituzio Auzitegiraino iritsi liteke afera eta hauteskunde kanpaina hastear dagoela jakingo da behin-betiko erabakia.


2016ko abuztuaren 29an - 11:20
Hauteskunde kanpaina hastear dagoela jakingo da Otegiren hautagaitzaren inguruko behin-betiko erabakia. (Argazkia: arnaldotegi.eus)

Otegiren hautagaitzaz ari garenean bi gaitasungabetzez ari gara. Hamar urteko espetxe zigorraz gain –Auzitegi Gorenak sei urte eta erdira murriztu zuen zigorra– bi gaitasungabetze ezarri zizkion Espainiako Auzitegi Nazionalak Otegiri, Bateragune auziaren kondenan. Alde batetik, kargu publikoa izateko gaitasungabetzea dago. Honen inguruan Auzitegi Nazionala eta Iñigo Iruin abokatua bat datoz: espetxe zigorrarekin batera hori ere zigor nagusia da. 2021. urtera arte indarrean dago eta beraz, ez da espetxealdiaren amaierarekin iraungi.

Otegiren defentsak dio kargu publikoa izateko gaitasungabetzea ez dela bere hautagaitza baztertzeko arrazoia. Izan ere, gaitasungabetze “berezia” da eta ez “absolutua”. Hots, kondenak ez du zehazten zein kargu publikoetarako dagoen Otegi zigortua, Iker Casanova legebiltzarkidearen kasuan gertatu bezala. Horrek lehendakarigai izateko aukera ematen dio.

Arazoaren muina

Bigarren gaitasungabetzearen inguruan dago liskarra, alegia, sufragio pasiboan (bozetan aukeratua izateko eskubidea ukatu zioten Otegiri). Sententziak sufragio pasiborako gaitasungabetzea zigor osagarria dela dio, alegia, zigor nagusiarekin lotua doa. Iruinen hitzetan, “sufragio pasiborako gaitasungabetzea espetxe zigorrari lotu zitzaion, bigarren mailako zigor gisa. Biek berdin iraungo dutela esan nahi du horrek, batera beteko direla eta amaituko direla”.

Ez du iritzi bera Auzitegi Nazionalak, eta bigarren gaitasungabetzea 2021era arte luzatu behar dela dio, kargu publikoei dagokionaren antzera. Horrek legezkotasunaren printzipio penala urratzen duela dio Iruinek, alegia “sententzian agertu bezala bete” behar dela zigorra, eta gaineratu du osagarri zen zigorra nagusi bihurtu dutela erabaki honekin.

Agirreazkuenagak ez du erabakian parte hartu

Gipuzkoako Hauteskunde Batzordeak abuztuaren 24an Otegiren hautagaitza atzera bota ondoren, batzordeko kide Agirreazkuenagak elkarrizketa eman zion Berriari. Zuzenbidean katedradunak hautagaitza deuseztatzeko arrazoiak azaldu zituen eta gaia Estrasburgok bideratu zezakeela argudiatu zuen.

Koalizioak bide hori baztertu eta Agirreazkuenaga errekusatu zuen, helegiteak zeraman ibilbidea amaitua ez zegoelako eta Batzordeak astelehenean hartu beharreko erabakia aurreikusi zuela iritzi zutelako. Agirreazkuenagak ez du asteleheneko erabakian parte hartu, Berriak argitaratu duenez. Abstenitu ezean hark esandakoak batzordeko kideak baldintzatzen zituela iritzi zuen EH Bilduk.

Orain EH Bilduk Donostiako Lurralde Auzitegian jarriko du helegitea eta honek irailaren 2ra arteko tartea izango du erabakitzeko. Hauteskunde Batzordearen erabakia berretsiko balu, Otegiren defentsak Konstituzio Auzitegira jo beharko luke eta honek irailaren 7a izango luke bere erabakia emateko azken eguna. Irailaren 9an hauteskunde kanpaina hasiko da.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Eusko Legebiltzarreko hauteskundeak
Aste politikoaren kronika
Orokorkerien Euskadi

Hilabete baino gutxiago falta da hauteskundeetarako eta bi aste baino ez kanpaina ofizialki abiatzeko. Lehen bi kolpe kanonikoak eman dituzte dagoeneko. Bata administrazioak, egin baitute zozketa, hauteslekuetan eguna botako duten herritarrena; eta alderdi politikoek bestea, 48... [+]


2024-03-24 | Anuntxi Arana
Barbie hauteskundeetan

Arropa bera luzaz eramatea ez da ongi ikusia, eskasa-edo dateke. Behin, lagun irakasle bati lizeoan ohartarazi zioten bazela ordua jaka berria eros zezan. Aspaldiko joera hori indartuz joan da. Telebistako esatari eta berriemaileek jantzi desberdinak luzitzen dituzte egunero... [+]


Aste politikoaren kronika
Bejondeiela

Pandemia aurretik mugarria ezarri zuena, geurean, Berri Txarrak izan zen; azken kontzerturako sarrerak mila hilabete lehenago ipinita, F5 tekla guztiak izorratu eta webgunea kolapsatu zituena. Pandemia aroan, gero, ugaldu zen txartelak online hartzeko moda, eta ordu luzez ilara... [+]


Aste politikoaren kronika
Infiltratua

Zikindu da aurre-kanpaina. Ertzaintzaren jardun polemikoak hartu du fokua eta, pasa den asteko kronikan iradoki moduan, herritarren eguneroko beste hainbat arazo, norbanakoaren poltsikoari edota osasunari zuzenki loturikoak, alboratu dira beste behin ere. Egia esan, ez da... [+]


Eguneraketa berriak daude