argia.eus
INPRIMATU
Otegiren Europako bidaiaz erreportaje zabala egin du 'The Guardian'ek
  • Arnaldo Otegi Sortuko idazkari nagusiak bidaia egin du Europan barrena. Irlandan, Ingalaterran eta Belgikan izan da azken egunetan, eta, besteak beste, Jonathan Powell, Bertie Ahern eta Gerry Adamsekin biltzeaz gain, Europako Parlamentua ere bisitatu du.

Ane Urkola Agirrezabala @irrikaz 2016ko apirilaren 29a
Arnaldo Otegik Bilboko manifestazio batean parte hartzen, kartzelatik atera berritan. Argazkia: Luis Tejido

Europan igaro dituen egunei buruzko erreportaje zabala egin du The Guardian egunkariak. “Jendeari azaldu nahi dizkiogu zein diren gure helburuak, zein diren gure kezkak, eta Espainiako Estatuak blokeatu nahi duen bake prozesuari bultzada eman nahi diogu”, azaldu dio Otegik egunkariari.

Mariano Rajoy Espainiako Estatuko jarduneko presidentearen aburuz, “Otegik egin behar duen gauza bakarra da ETAren indarkeria kondenatzea eta biktimei barkamena eskatzea”. Otegik adierazi du diskurtso horren helburua dela Euskal Herria gerra psikologiko batean mantentzea, eta gehitu du ETAren borroka armatuaren ondorioz, Espainiako Estatuko hainbat kontu isilpean mantendu direla: “ETAK borroka armatua amaitu ez balu, ustelkeria kasuak ez ziratekeen argitaratuko, eta Espainiako politikako bi alderdi politiko nagusien beherakada ez zatekeen gertatuko.

Terrorismoaren Biktimen Elkarteren ustez, Europar Batasunean zerbait oker dagoen sienale da Otegi Bruselan izatea, “parlamentarien taldeak ahotsa terroristei ematen dietenean, eta ez biktimei”. Zentzu horretan, Otegik azaldu du erabat errespetatzen duela biktimen mina, baina “batera egin dezakegun ekarpenik handiena da ulertzea alde guztietan daudela biktimak”.

Kataluniako eta Euskal Herriko independentziaz ere mintzatu da Otegi, eta onartu du Kataluniako independentzia prozesua askoz ere aurreratuago dagoela. Dena den, konbentzituta dago Katalunia eta Euskal Herria independenteak izango direla.