Hegoafrikako banderadun poltsa eskuan atera da kartzelatik: Mandela. Dena esana dago ezer esan aurretik. Baina badaezpada, hitz egiten hasi da eta semiologoei lana ematen. Graduazio altuko adierazle-cocktail bat dastatu dugu Arnaldo Otegi aske geratu denetik. Eta alderdi guztien erreakzioak probokatu ditu. Lasterketa hasi da. Helmuga: EAEko hurrengo hauteskundeak.
Corto Maltese estiloko marinel jaka, begirada kameretan, frontman baten gisa mikrofonoaren aurrean, bere preso politiko izaera azpimarratzeko baliatu du lehen hitzaldia. Baita beste titular bat uzteko ere: “Lehendakaririk onena, herria”. Titular gehiago ekarriko dituen titularra, esaldi bakarrarekin lortu baitu anbiguotasun espazio bat sortzea, Euskal Erdiko hurrengo hauteskundeetan hautagai izango den ala ez argitu bitartean zabalik egongo dena. Espekulazioetarako tokia albisteak fabrikatzeko negozioan ari direnentzat: kazetariok, jarri hemen zuen fokua.
Eta hemen beste batzuk: preso sozialak etorkinak jende umila jende langilea bakearen aldeko apustua martxoaren 3ko sarraskia Los Chikos del Maíz CUP eta Esquerra benetako lezioa ematen ari zaizkigu Andaluziako jornalariak Vallecaseko langileak gure borroka elite ekonomiko eta oligarkikoen kontra herrien askatasuna langileen berdintasuna. Erruleta politikoaren zenbaki ia guztietan egiten du apustua, ez da diskurtso lineala, hemen eta han dago aldi berean eta, hala ere, ez dirudi inkoherentea.
Martxoak 2 ditu oraindik, kartzelatik atera den egun luzea bukatzen ari da eta begi bistakoa da edonorentzat Otegi tiki-taka jokatzeko eta golak sartzeko gogoz itzuli dela.
Mandela eta Africa (Baeta)
Mandelarena baino kontinente gogorragoa aurkitu du bi egun geroago ETBren bigarren katean Teleberria aurkezten duen African. Baetaren aurkezpena: “Espetxean sei urte eta erdi egin ondoren, ETAren agindupean Batasuna berrantolatzeagatik kondenatuta…”.
Itxoin, itxoin, bota atzera: “ETAren agindupean Batasuna berrantolatzeagatik”. Ba bai, horrelaxe esan du, momentu batez 13TVk interferentziaren bat egin duela iruditu zait. Tira, argi dago nahastu egingo zirela, Otegik ETAren amaieran izan duen eragina ez da zalantzan jartzeko modukoa. Hasiberriren batek idatzi du gidoiaren sarrera, seguru.
A, ezetz, nahita egin dutela. Aurkezlea Springsteenen fan deklaratua den arren, hortik aurrerako galderek gehiago dirudite 80ko hamarkadako Barricadaren kontzertu bat, No hay tregua kanta zehazki, ez hainbeste kazetaria ez dagoelako treguarik eskaintzeko, “ETA, ETA, ETA-ETA-ETA” etengabe entzuten delako baizik. Ezker abertzaleko kideak lasaitasunez erantzuten du eta ez dauka problemarik esateko lehenago jakin behar zutela irakurtzen herritarren nahia “ziklo armatuaren amaiera” –eufemismo horiek– iristea zela.
Ez da inportanteena. Erantzunek baino, martxoaren 4ko Teleberriko galdeketak beste elementu bat jartzen du mahai gainean: EAJk Otegi markari “tabakoak eta ETAk hil egiten dute” pegatina jarri nahi diola lehenbailehen, Sabin Etxeko produktua kontraprogramatzen duen bitartean –Iñigo Urkulluri elkarrizketa martxoaren 6an Noticias taldeko egunkarien azaletan, bigarren elkarrizketa bat ostegun honetan ETBn…–.
Merkatuaren legea da, Nelson: nik zuk baino gehiago saldu nahi dut.
Hitz egin dezagun mototsik gabe
Eta horrela iritsi da joan den larunbateko Belodromoa, non Otegik gauza gehiegi esaten dituen kronika batean txukun bildu ahal izateko, baina gutxienez bi norabidetan bidaltzen dituen mezuek eta jasotako erantzunek arreta merezi duten.
Podemosi lehenbizikoa: abenduan EH Bilduk boto asko galdu zituen zirrikitu moretik eta geroztik mototsak keinu ugari egin ditu Kataluniara eta Euskal Herrira, erabakitzeko eskubidea dela, plurinazionalitate ministerioa dela… PSOErekin Espainiako ezkerraren terrenoa hegemonizatzeko daukaten lehian ere badu munta boto “periferikoen” kontuak antza, Pdr Snchz ez babesteko arrazoien artean Pablo Iglesiasek paseatzera atera baitu Felipe Gonzalezek eskuak “kare biziarekin zikinduta” dauzkala. Bezero berriak fidelizatzeko eslogan potentea: Madrilen gogor samar entzuten da, baina dantzalekuko kanta beroena izan daiteke GAL Irungo futbol zelaia bakarrik ez dela dakitenen artean.
Tertuliano ausarta ezker abertzalearen sukalderaino sartua zegoen HD kalitatean, baina hemen dator Otegi eskuadra eta kartaboiarekin. Esaten du ezker abertzalea prest dagoela Espainiako Estatuaren demokratizazioan laguntzeko –marra bat Podemosen terreno barrura– eta “zintzotasunez” jokatzeko eskatzen dio partidu moreari: “Demokratizazio hori ezinezkoa dela jabetzen zaretenean, bat egin ezazue indar independentistekin Estatu honetan prozesu konstituziogileak martxan jartzeko”.
Pablo Iglesiasek etxetik –La Sexta Noche telebista programatik– erantzuten du ez dagoela independentziatarako, “espainola izateaz harro” dagoela eta “noski nire aberria demokratizatu daitekeela”. Rockero zaharrak ez dira inoiz hiltzen eta “unionismo vs. independentismo” formula ere ez, batez ere “betiko” boto-emaile batzuk berreskuratzeko. Bosgarren minutuan gaude, markagailuan Arnaldok 1 - Pablok 0. Euskal Herriko ezkerraren nagusitasuna lortzeko partidua polita izango da.
Aita, banoa etxetik
Ezker abertzalearen kultura politikoak daukan arazo handienetako bat EAJrekin harremana guraso-alaba terminotan planteatzea dela uste duzu? Otegik zerbait esan nahi dizu: “Badakit batzuk esango digutela: ‘Bai, baina PNVk ez du nahi’. Baina gu gara independentistak herri honetan, has gaitezen gu egiten bide hori eta gero etorriko dira. Baina goazen behingoz martxan jartzera prozesu independentista bat herri honetan”.
Berdin du alabaren azken urtebetetze festan tarta baino kandela gehiago egotea, halako emantzipazio asmoen aurrean aitatxok ezinegon paternala erakutsiz erantzuten du. Zu etxean goxo eta tapatu eskote hori hotza egiten du eta. Egibar martxoaren 7an: “EAJ eta ezker abertzalearen artean elkar ulertzea ez da beharrezkoa, ezinbestekoa da”. Buruzagi jeltzaleak “estatus” berria lortzeaz hitz egiten du, ez baitago labea nomenklatura ausartagoetarako. Ikusi beharko burujabetzaren alorrean datozen hilabeteetan zer planteatzen duen Modern Family honetako kide bakoitzak, baina bolada batean parkingean sartuta egon den eztabaidak protagonismoa har dezake berriz.
Astebete eta egun bat besterik ez da pasa Otegi kalean dagoenetik eta eusko labeldun politika Leonardo Di Caprio The Revenanten bezala berpiztu da. Ez dago EAEko hauteskundeetarako datarik oraindik, baina non-stop kanpaina bateko erritmoa berreskuratu du gure gauza publikoak. Has daitezke espabilatzen oraindik hegazkina hartu ez dutenak –PSEren eta PPren mugikorrek komunikatzen ematen dute– 2016ko autonomikoetan turbulentziak, mareoak eta lur hartze arriskutsuak espero baitira.