Ostiralean Alaskan izango duten bileraren bezperan heldu da mehatxua. Friedrich Merz Alemaniako kantzillerrak deituta, gailur birtual bat egin dute asteazkenean Zelenskik, Trumpek eta Europako hainbat agintarik. Ukrainako presidenteak adierazi du Trumpen eta Putinen arteko bileran "gai nagusia" Ukrainarako su-etena izatea espero duela, eta Errusiarentzako zigor gehiago eskatu ditu.
Joan den asteko ostiralean amaitu zen Trumpek Putini ezarritako hamar eguneko epea: egun horretarako Kievekin su-eten akordio batera iritsi ezean, Trumpek mehatxu egin zuen zigor ekonomikoak ezarriko dizkiola Moskuri, oraindik hori egin ez badu ere. Bada, AEBetako presidenteak gauza bera egin du bi agintariek Alaskan ostiralean izango duten bileraren bezperan: bilera horretan Putinek su-etenerako akordiorik onartu ezean, Errusiarentzat "ondorio larriak" izango direla mehatxu egin du.
Gainera, Trumpek jakitera eman du datozen egunetan Volodimir Zelenski Ukrainako presidentea eta Putin aurrez aurre biltzen saiatuko dela, ostiralean azken horrekin izango duen bilera "ondo joanez gero". JD Vance AEBetako presidenteordeak jakitera eman zuen igandean Fox News telebistari eginiko elkarrizketa batean "saiatzen" ari direla bi agintari horiek batzartuko liratekeen bilera zehazten, "Ukrainako gerra amaitzeaz eztabaidatu dezaten".
Europako agintariek euren eskaerak egin dizkiote Trumpi
Bien bitartean, Friedrich Merz Alemaniako kantzillerrak deituta, asteazkenean gailur bat egin dute Ukrainako presidenteak, Trumpek eta Europako hainbat agintarik –esaterako, Merz bera, Frantziako presidente Emmanuel Macron, Italiako lehen ministro Giorgia Meloni eta Antonio Costa Europar Kontseiluko presidentea–. Gailurraren ostean, Macronek adierazi du Etxe Zuriko maizterrak argi utzi duela Putinekin izango duen bileran Ukrainarako su-eten akordio batera iritsi nahi duela: "Ukrainako lurraldeetaz soilik Ukrainako presidentearekin negoziatu behar dela ere adierazi du [Trumpek]".
Gailurraren antolatzaileak, Merzek, esan du Alaskako bileran aurrepausorik eman ezean, AEBek eta Europak Errusiari ezarritako presioa areagotu beharko luketela. Gauza bera eskatu dio Trumpi Zelenskik, zigor ekonomiko gehiagoren bidez, eta adierazi du espero duela AEBetako eta Errusiako presidenteek izango duten bileran "gai nagusia" Ukrainarako su-etena izatea: "Putin harrokeriaz hitz egiten ari da gerra amaitzea nahi duela esaten duenean. Fronte osoan presioa ezarri nahian dabil bileraren aurretik".
Errusiako Atzerri ministerioaren bozeramaile Alexei Fadeevek, ordea, adierazi du Moskuk Ukrainarako su-eten akordioaren harira eginiko eskaerak ez direla aldatu 2024ko ekainaren 14az geroztik. Hain zuzen, egun horretan eginiko agerraldi batean Putinek zera exijitu zion Kievi: Errusiako armadak kontrolpean zituen Ukrainako lurretatik irtetea eta NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundera batzeko asmoak baztertzea.