argia.eus
INPRIMATU
Ostiralean mobilizatzera deitu dute, Bilbon izan den azken eraso polizial arrazista salatzeko
  • Mariaren Bihotza plazan egingo dute elkarretaratzea, 18:30ean, ertzainek erasotako pertsonei elkartasuna adierazteko eta inpunitate polizialari ezetz esateko.

Gedar @GedarLangileKZ 2025eko maiatzaren 08a

Ostiral honetan, maiatzaren 9an, protesta bat egingo dute Bilboko (Bizkaia) San Frantziskon, Ertzaintzak auzoan egindako azken eraso arrazista salatzeko. Hainbat kolektibok antolatu dute elkarretaratzea, eta arratsaldeko 18:30ean izango da, Mariaren Bihotza plazan. Poliziak jazarritako lagunei babesa emateaz gain, inpunitate poliziala gaitzetsiko dute mobilizazioan.

Duela bi aste jazo zen erasoa San Frantziskoko ile-apaindegi batean, Bilboko Kontseilu Sozialistak aste honetan jakinarazi duenez: ertzain batzuk bortizki sartu ziren lokalera eta bertan zeuden pertsonen aurka oldartu ziren, bertako langile baten eta bezero baten aurka hain zuzen ere. Identifikatzeko eskatu zieten eta haietako bati ukabilkada bat eman zion agente batek, mugikorra lurrera botatzeaz gain. Gero, bi gazteak kolpatu zituzten poliziek, eta lurraren eta hormaren kontra eutsita izan zituzten.

Ostiraleko protesta antolatu duten kolektiboek salatu dutenez, San Frantziskoko azken erasoak lotura du polizia-indarren "irizpide arrazistekin", eta iritzi diote gertatutakoak erakusten duela "Poliziak migratutako eta arrazializatutako pertsonekiko modu arbitrarioan jokatzen duela". "Arbitrariotasun horrek proletario migratuaren kriminalizazioari eta zapalkuntza sistematikoari erantzuten dio, bizimodu miserableak inposatzeko eta oinarrizko eskubideak ezabatzeko helburuarekin", azaldu dute.

Eta, gaineratu dutenez, "Poliziaren inpunitatearen ondorio" ere bada jazotakoa: uste dute "Atzerritarren Legea bezalako lege errepresiboak egon arren, Poliziak legezkotasunaren mugetatik harago jarduteko askatasuna" duela, "instituzioen eta botere judizialaren babes baldintzagabeari" esker. Hori dela eta, erasoan zuzenean parte hartu duten ertzainez harago, erantzule nagusitzat jo dute Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saila, eta gogorarazi dute halako eraso polizialak sistematikoki gertatzen direla auzoan.

Ostiralean mobilizatzeko deia zabaltzearekin batera, "langile-klase osoari, jatorria edozein dela ere, antolatzeko eta elkartasunez borrokatzeko" deia egin diote antolatzaileek; "klase-batasunetik, arrazakeriaren, zapalkuntzaren eta polizia-inpunitatearen aurka".