argia.eus
INPRIMATU
Ostiralean hasiko da ‘Orain Presoak’ bizikleta martxa
  • Aurtengo martxak Luhuso eta Gernika batuko ditu “elkarbizitzaren eta bakearen sinbolo bilakatu diren bi herri”. Herriz herri, presoek pairatzen dituzten eskubide urraketak landuko dituzte.

ARGIA @argia 2019ko uztailaren 18a
Iaz, Mont de Marsaneko (Okzitania) espetxetik irten zen bizikleta martxa. Argazkia: sare.eus.

Ostiralean abiatuko da Sarek antolatutako Orain Presoak bizikleta martxa. Ibilbidea ez da ausaz hautatutakoa. Luhusotik irtengo da martxa “gizarte zibilaren konpromisoaren sinbolo bilakatu dena”. Igande eguerdian emango diote amaiera Gernikan, “bizikidetzaren eta bakearen eredu eta sinbolo”. Antolatzaileen ustez, balore horietan aurrera egiteko “espetxe politika honekin amaitu eta salbuespen neurriak, behin betikoz, bertan behera uzteko noranzkoan eman behar ditugu urratsak, edota kasu honetan, pedalkadak”.

Hiru etapa

Bizikleta martxak hiru etapa nagusi ditu: ostiralean Luhusotik goizeko hamarretan irten eta Zarautzera helduko dira txirrindulariak; larunbatean Zarautzetik Lekeitiorainoko ibilbidea egingo dute; igandean Lekeitiotik irten eta eguerdirako Gernikan izango dira. Etapa bakoitzeko amaierako herrian herritarrek harrera egingo diote martxari. Tarteko herrietan ere, “euskal presoek egun oraindik bizi dituzten urraketak landuko" dituzte.

Aurrez izena emateko epea amaitu da dagoeneko, baina martxara batzea dago hala ere. Argibide guztiak hemen.