argia.eus
INPRIMATU
Ostiralean ekingo dio GuraSOSek urte osoko Hitzartu planari
  • Gipuzkoakok hainbat herritan proiektua aurkeztu eta gutxieneko funantziazioa lorturik, martxoaren 2an hasiko da 2018 osoa beteko duen Hitzartu prozesua, atzo GuraSOSeko arduradunek sindikatu nagusien ordezkariekin aurkeztu zutenez.

Zero Zabor @zero_zabor 2018ko otsailaren 28a
GuraSOSeko Belaustegik Hitzarturen abian jartzea aurkeztu du CCOO, ELA eta LAB sindikatuko ordezkariekin.

Datozen asteotarako hainbat hitzaldi antolatu dituzte Zubietako erraustegiaren inguruan, tartean OIETeko medikuena, Rodriguez Farre doktore ezaguna tartean edukiko duena. Apirilean ekingo diote parte hartze prozesuari berari, bi teknika erabiliz: “Hiritarren Epaimahaia” eta “Gune Irekiak”. Epaimahaiek hiri hondakinen kudeaketarako plana idazteko irizpideak erabaki beharko dituzte, iritzi ezberdinetako adituen laguntzaz. Gune Irekiak teknikaren bidez bestalde, hainbat sektore, herri eta eskualdeetan parte hartze dinamikak antolatuko dituzte. Gizarte mailan elkarrizketaren kultura sustatzea izango du helburu, parte hartu nahi duen orori irekia egongo da.

Udazkenean iritsiko da Gipuzkoako Hiri Hondakinak Kudeatzeko Plana erredakktatzea. Hiru baldintza nagusi bete beharko ditu, Hitzarturen sustatzaileen esanetan: gizarte kohesioa, adostasun gehien duen proposamena aurkitzea; osasuna eta ingurumena gehien babesten duen irtenbidea izatea; eta Europako irizpideak betetzen dituen konponbidea izatea.

Prozesua diseinatu eta gauzatzen, Euskal Herriko Unibertsitateko Parte Hartuz ikerketa taldeak eta CSICeko Ernesto Ganuza adituaren laguntza izango dute. Egitasmo honen xehetasunak astearte honetan aurkeztu dituzte Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean egin duten agerraldian. Tartean, GuraSOS elkarteak jarraituko du prozesu osoa elikatzeko beharrezko dirua biltzen.

Datozen deialdiak

Martxoa

Informazio eta eztabaida publikoaren hasiera.

Martxoak 2, ostirala

18:00 CSICeko bi zientzialariek (Eduardo Rodriguez Farrék eta Fernando Palaciosek) landu duten Zubietako erraustegiari buruzko txosten zientifikoaren aurkezpena Gipuzkoako Medikuen Elkargoko aretoan (Frantzia pasealekua, 12, Renferen tren geltoki ondoan).

Ondoren, errausketa eta osasunari buruzko eztabaida, Biodonostiako ikerlari bat eta osasun publikoaren zuzendaritzako ordezkari batekin.

Martxoak 3, larunbata

Goizean, Eduardo Rodriguez Farré eta Fernando Palacios txostenaren egilearen gosaria hedabideekin. Elkarrizketak emango dituzte.

Martxoak 5, astelehena

19:00 Hitzartu prozesua aurkeztuko dute Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean, Berme Batzordeko kide Garbiñe Biurrun eta Esther Larrañagak.

Martxoak 9, ostirala

19:00 Ibaetako EHUko Carlos Santamaría Auditorioan, “Demokrazia: Adostasun zabalak beharrezkoak direnean, Hiritar arduratsua edo alienatua (delegazioa), nola sendotu gure demokrazia, nola sendatu gizartea gaiari buruzko elkarrizketa”. Parte hartzaileak: Arantza Campos (EHUko Irakaslea Parekidetasunean aditua), Juanjo Alvarez (EHUko zuzenbide katedraduna), Braulio Gómez (“Deusto barómetro”-ko arduraduna) eta Jon Sarasua (Mondragon unibertsitateko irakaslea).

Apirila-ekaina

Hiritarren parte hartze prozesua.

Iraila-abendua

2017-2030 urte arterako Gipuzkoako Hiri Hondakinen Kudeaketa Planaren idazketa, zereginotarako osatuko den Mahai Tekniko eta Sozialaren eskutik.

Abendua

Hitzartu prozesuaren amaiera eta planaren aurkezpena. Hirugarren parte hartze saioak.

Prozesu honen emaitza Gipuzkoako Batzar Nagusien esku uztea. Hortik aurrera, ordezkari politikoen txanda izango da.

Albiste honen zati bat Noaua! aldizkariak publikatutako informaziotik hartu da.