argia.eus
INPRIMATU
Osteguneko 31 positibo berriekin, EAEn koronabirusaren Rt erreprodukzio tasa 1,86-an dago
  • Osakidetzak gaur, uztailak 10, plazaratu dituen datuen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoan azken 24 orduetan koronabirusez kutsatutako 31 pertsona gehiago aurkitu dituzte: 18 Gipuzkoan, 8 Bizkaian eta 5 Araban. Hauekin, une honetan EAEn Covid-19aren Rt erreprodukzio tasa une honetan 1,86an dago. Bezperan, Rt 1,8 zen tasa hori.

ARGIA @argia 2020ko uztailaren 08a
(Iturria: Osakidetza)

Maiatzaren 13a arte egin behar da atzera estatistiketan EAEn aurkitzeko gaurkoa baino koronabirus kutsatu kopuru handiagoa: egun hartan 42 positibo zenbatu ziren. Geroztik, salbuespen bakanen bat kenduta, positibo berrien kopuruak 20ren azpitik ibiliak ziren... uztailaren 7a arte: azken hiru egunotan 30, 30 eta 31 positibo berri hauteman dituzte. Hori bai, Ordizian egindako testeatze masiboak kontutan hartu behar dira alderaketak beren neurrietan jartze aldera.

Uztailaren 10ean argitaratutako 31 positibo berrietan, Arabari dagozkio 5 (horietatik 3 Gasteizi), Bizkaian 8 aurkitu dira (5 Bilbon) eta Gipuzkoako 18etatik 7 dagozkio Ordiziari, gainerakoak sakabanatuta daude: Donostian 2 eta Aretxabaleta, Beasain, Deba, Eskoriatza, Ibarra, Irun, Lasarte, Legazpi eta Tolosan bana.

Hedabideen eta herritarren begiak Gipuzkoako fokoan baitaude jarriak, merezi du azken bost egunetan (Ordiziako agerraldiaren berri zabaldu zenetik) metatutako positiboei erreparatzea: Gipuzkoan bost egun horietan 69 COVID-19 kasu konfirmatu agertu badira, horietatik 36 Ordiziako herritarren artean hauteman dituzte; Itsasondon; Tolosa eta Irunen 4; Donostian 3; Eskoriatza eta Ibarran 2; eta bana Andoain, Aretxabaleta, Arrasate, Beasain, Bergara, Deba, Lasarte, Legazpi, Legorreta, Villabona, Zegama, Zumaia eta Zumarragan.

Egunotako Gipuzkoako eta Arabako agerraldiek 1,86an jarri dute Rt erreprodukzio tasa. Atzo Rt tasa 1,80an zegoen eta hau bera jada, Urko Apaolazak oroitarazi duenez, Iñigo Urkulluk Eusko Legebiltzarreko hauteskundeak deitu zituenean baino bi aldiz handiagoa zen.