argia.eus
INPRIMATU
Ospitale eta osasun zentroetako materiala isuri dute Urola ibaira, Eguzkik salatu duenez
  • Tamaina handiko poltsatan aurkitu ditu talde ekologistak hondakinak Urola ibaia Azpeititik igarotzen den eremu batean.

ARGIA @argia 2020ko martxoaren 05
(Argazkia: Eguzki)

Otsailaren 10ean Eguzki Talde Ekologistako kideek tamaina handiko hainbat poltsa begiztatu zituzten Azpeitian, Urola ibaiaren ertzean. Hondakinen artean "erabilera sanitariorako materiala" dagoela salatu dute, besteak beste orratzik gabeko plastikozko xiringak, espekuluak, eremu esterilak eta botiken potoak.

Azaldu dutenez Azpeitiko anbulategian halako hondakinak uzten diren ontzia urraturik aurkitu zuten eta Udalak baieztatu die gau hartan inguruan hainbat kalte jazo zirela higiezinetan. Eguzkik argitu du halako hondakinak ez daudela biologikoki kutsatuak, baina material horiek manipulatu eta inguruak haiekin zikintzea deitoratu du: "Egunen batean garesti atera dakiguke".