argia.eus
INPRIMATU
Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea nerabe eta gurasoen arteko harremanez arituko da aurtengo biltzarrean
  • Haurtzarotik Gaztarora… biltzarra antolatu du Osasungoa Euskalduntzeko Erakundeak maiatzaren 10 eta 11rako Iruñean. Bi egunetan hitzaldiak, ahozko komunikazioak eta tailerrak izango dira. Gai ugari jorratuko dituzte. Haurtzaroko osasuna eta etorkizunerako baldintza osasungarriak nola landu aztertuko dute; tratu txarrak eta egutegi kirurgikoa ere jorratuko dituzte.

Onintza Irureta Azkune @oirureta 2013ko maiatzaren 03a
"Haurtzarotik Gaztarora" biltzarreko afixa.

Pubertaroan izaten diren aldaketez jardungo dute eta alergia eragiten duten elikagaiez emango dute informazioa. Haurtzaindegiek txikiaren osasunean duen eragina aztertuko dute, baita txertoak ere. Tailerretan, gurasoentzat bi gai garrantzitsu landuko dituzte: batetik, nola entzun eta hitz egin nerabeei, haiek gurasoei entzun eta era berean haiekin hitz egin dezaten, eta bestetik, drogen inguruan argi eduki beharreko hainbat ildo azalduko dituzte.

Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea izaki, euskarari termometroa ipiniko diote. Horrela, Diagnostiko bat gure euskararen osasunari izeneko hitzaldia eskainiko du Fernando Rey Escalera mediku eta itzultzaileak.

Maiatzaren 6ra arte izena emateko aukera dago. Horretarako, eta egitaraua begiratzeko, jo OEEren webgunera.