argia.eus
INPRIMATU
Osasungintzak guztiz publikoa izan behar duela exijitu du OPA Plataforma Herrikoiak
  • Jose Ignacio Martinez Ortegak, OPA Herri Plataformako bozeramaileak, salatu du  Eusko Jaurlaritzak “azkar” itxi nahi duela osasun mahaiko eztabaida.

Olaia L. Garaialde 2025eko ekainaren 20a
OPA Herri Plataformaren ekainaren 19ko elkarretaratzea, Gasteizko ospitalearen aurrean, "Promesa gehiagorik ez, konponbide errealak orain" lelopean. Endika Portillo / Foku

Zortzi hilabeteko prozesuaren ostean, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako osasun mahaia osasun itun bat lortzeke dago. Hala ere, lankidetza publiko-pribatuaren eztabaida bizi-bizi dago, iritzi kontrajarriak daudelako. EH Bilduk, LABek eta CCOOk, besteak beste, desatostasuna adierazi dute. Horrez gain, Jose Ignacio Martinez Ortegak OPA Herri Plataformako bozeramaileak gogor kritikatu du Eusko Jaurlaritzaren jarrera: “Eusko Jaurlaritzak eztabaida azkar itxi nahi du, eta osasun publikoko egiturazko arazoei irtenbide argirik eman gabe. Argi dago hitzarmen publiko-pribatua mantentzen jarraitu nahi duela”.

Gaineratu du albo batera utzi dituztela zenbait kolektibo, eta ez dietela utzi mahaian parte izaten: “Osasungintza publikoa defendatzen dugun plataforma herrikoiak eta eragile eta erakunde sozialak sistematikoki baztertzen ari dira. Aldi berean, leku eta ahotsa ematen diete osasun negozio pribatuetako ordezkariei”. Horregatik, ostegun honetan kalera atera eta elkarretaratzeak egin zituzten Euskal Herriko zenbait txokotan.

Plataformako bozeramaileak argi du guztiz publikoa den osasun sistema sustatu eta indartu behar dela. Uste du hitzarmen publiko-pribatuaren alde egitea, osasunarekin “negozioa” egiten duten enpresa pribatuak laguntzea dela. Osasun Sailak proposatu du %6 baino gutxiago izatea osasun pribatura bideratutako zerbitzuak; hau da, gaur egun bideratzen dena baino gutxiago. Osasun Sailaren arabera, Europako beste herrialdeekin alderatuta, datua “baxua” da. Alabaina, kontra agertu da plataformako bozeramailea: “Aurreko urteekin alderatzen badugu, ikusi dezakegu urtez urte handitu egiten dela zifra. 2025ean, %11,5 igo da”.

Beste herrialde batzuetan egindako ikerketen inguruko informazioa ere eman du. Italiako datuen arabera, osasun publikoko finantziazioa indartzean, saihestu daitekeen heriotza-tasa “gutxitu” egiten da. Aldiz, zentro pribatuetan ez da aldaketarik sumatzen. “AEBak bezalako herrialde neoliberaletako ikerketek argi uzten dute garestiagoak direla, osasun maila baxuagoa eskaintzen dutela eta sistemak ordaindu dezaketen eta ezin dutenen artean bereizten duela”, esan du.

"Lehen mailako arretak prebentzioan duen garrantzia azpimarratu du; osasun arazoen %90 lehen mailako arretatik konpontzen da"

Kontuan hartu beharreko neurriak

Uste du Osakidetzako arretaren “gainbehera” ez dela kasualitatea, baizik eta urte luzetako erabaki politikoen emaitza: “90eko hamarkada hasi zen eredu neoliberalaren inposizioarekin. Eusko Jaurlaritzak herritarron eskubideak bermatzean arreta jarri ordez, gastuak gutxitzea du helburu”. Horregatik, osasun sistema publikoa indartzeko kontuan hartu beharreko zenbait gako eman ditu: osasun publikoa bermatzeko konpromiso “irmoa”, “pribatizaziorik gabe” eta jada pribatizaturiko zerbitzuak publiko egitea; Europako batez bestekora iristeko osasun-inbertsioa “premiaz handitzea”; lehen mailako arreta eta osasun publikoa lehenestea, prebentzioan eta osasun sustapenean inbertituz; aurrez aurreko arreta berreskuratzea, gutxienez hamabost minutuko kontsulta-denborarekin eta gehienez bi eguneko itxaronaldiarekin; profesionalen ihesa saihesteko plantilla “nahikoa” eta “egonkorra” bermatzea; baliabide propioekin eta kontrol publikoarekin itxaron-zerrendak “nabarmen” murriztea; eta osasun sistemaren kudeaketa “demokratikoa”, “parte-hartzailea” eta “gardena” izatea.

Ardatz horien artean, lehen mailako arretak prebentzioan duen garrantzia azpimarratu du, eta azaldu du osasun arazoen %90 lehen mailako arretatik konpontzen dela. Salatu duenez, horretarako bideratutako aurrekontua “urria” da, eta Europako batez besteko datuekin alderatuta, 2.000 milioitik behera dago: “Nahitaezkoa da %25 handitzea, batez ere, kontuan hartuta biztanleria zahartzen ari dela eta gaixotasun kronikoak edota patologia bat baino gehiago dituzten pertsona kopurua handitzen ari dela”. Osasun publikoa eta kalitatezkoa izateko proposamena izeneko txostenean jaso dituzte kontuan hartu beharreko beste neurri asko.