argia.eus
INPRIMATU
Osasunean eta Hezkuntzan murrizketak aurreratu ditu EAEko Ogasun Sailburuak
  • Kontuak koadratzeko Osasuna eta Hezkuntza ere kaltetuta aterako dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Hori ondoriozta daiteke Ricardo Gatzagaetxebarria Ogasun Sailburuak joan den ostiralean Legebiltzarreko Ogasun eta Aurrekontuen Batzordean egindako adierazpenetatik.

Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm 2013ko otsailaren 04a
Gatzagaetxebarria, eskuinetik aurrenekoa, joan den ostiralean Legebiltzarreko batzordean.

Gatzagaetxebarriak alor horietako murrizketen inguruko diskurtsoa modulatu du azken asteetan. Duela bi aste Osasunean eta Hezkuntzan “doikuntzarik” ez egiten “saiatuko” zela adierazi zuen.

Otsailaren 1eko batzordearen bilkuran berriz, honakoak izan ziren gaiari buruz eman zituen azalpenak El País egunkariak jaso duenez: “Zerbait eragin beharko dio Osasunari eta Hezkuntzari zeren, bestela, ezingo dira kontuak koadratu”.

Murrizketa horiek ezinbestekotzat jo ditu Gatzagaetxebarriak, zergen bidez bildutako diruen jaitsierak gastu-ahalmena asko murriztu diolako EAEko Gobernuari.

Erreforma fiskalaren bidez gehiago biltzeko aukera dagoela aitortu zuen Gatzagaetxebarriak joan den ostiralean, baina hori eginda ere, murrizketak ezinbestekoak liratekeela. “1.200 milioiko gap bat ezin da berreskuratu erreforma fiskal sakon batekin ere. Horrek, asko jota, 400 milioi sortuko lizkioke sistema osoari”.