argia.eus
INPRIMATU
Osasunbidean ebakuntzaren zain daudenen kopurua %25 igo da urtebetean
  • 2022ko abenduan 8.206 pertsona ebakuntza jasotzeko esperoan zeuden, eta 59.575 lehen kirurgia kontsulta izateko zain. Datuak okerrera egin dute 2021eko abendutik: ebakuntzen kasuan, %25 igo da itxaron zerrenda. 

Lide Iraola 2023ko urtarrilaren 12a
Osasunbidean 72 egun itxaron behar dira, batez beste, lehen kirurgia kontsultarako, eta 85 egun ebakuntzarako.

Osasunbidean ebakuntzaren esperoan dauden herritarrak %25,6 gehiago ziren abenduan 2021 amaitu zenean baino. Ordu hartan 6.531 paziente zeuden ebakuntza jaso zain; 2022ko abenduan berriz, 8.206. Batez besteko itxaronaldia 85 egunekoa da, Nafarroako Osasun Sailaren datuen arabera. 

Noticias de Navarra-k jaso ditu datuok. Igo egin da, halaber, lehen kirurgia kontsultarako zain daudenen kopurua: 59.575 ziren azken abenduan, eta 58.426 2021ekoan. Lehen hitzordua lortzeko itxaron beharreko egunak, batez beste, 72 dira. 

Joan den urteko abuztuan jo zuen goia itxaron zerrendan zeudenen kopuruak: 61.105. Hurrengo hiru hilabeteetan datuek hobera egin bazuten ere, abenduan berriz ere okerrera egin dute.