Nafarroako Administrazio Publikoetako lanpostuak arautzen dituen 97/2024 Foru Dekretuaren bi artikulu utzi ditu bertan behera Nafarroako Auzitegi Gorenak. Argudiatu denez, euskararen balorazioari muga jartzen zioten, eta ingelesaren, frantsesaren eta alemanaren balorazioei ez.
Nafarroako Auzitegi Gorenak Foru Dekretuaren 4.1 eta 4.2 artikuluak baliogabetu ditu, hain zuzen ere, Osasunbideko oposizio-lehiaketa eta lekualdatze-lehiaketen merezimenduak arautzen dituztenak. Ostegun goizean, Steilaseko Raul Lopezek eta ELAko Izai Bujandak epaiaren balorazioa egin dute azken sindikatu horren Iruñeko egoitzan.
ELAk eta Steilasek jarri zuten orain onartu den helegitea eta azaldu dutenez, “artikulu horietan, euskara jakiteagatik aitortzen zen balorazioan mugak jartzen ziren. Aldiz, ingelesari, frantsesari eta alemanari ez”. Hau da, hizkuntza horiek “euskararen gainetik puntuatzeko aukera ematen zuen dekretuak, baita euskara ofiziala den eremuetan ere”.
Bi sindikatuek salatu dutenez, epai honek erakusten du “merezimenduen Foru Dekretua guztiz murriztailea dela eta euskara gutxiesten duela”. Hori dela eta, indarrean dagoen merezimenduen dekretua erretiratzea eta bestelako hizkuntza politika bideratzea eskatu diote Nafarroako Gobernuari. Hala ere, erabakia ez da irmoa eta Nafarroako Gobernuak helegitea jar dezake Espainiako Auzitegi Gorenean. Nafarroako Gobernuak gogorarazi du dekretuak indarrean jarraitzen duela eta orain Osasunbideak erabaki beharko duela zein urrats eman behar duen araudia dekretura egokitzeko.
Orain auzitegiek hau azpimarratu dutela zehaztu dute sindikatuok, baina dekretuaren aurka egoteko beste arrazoi ugari ere aletu dituzte, besteak beste honakoak: bat, eremu ez-euskaldunean euskara merezimendu gisa desagertzen da, baina ingelesa, frantsesa eta alemana kontuan har daitezke. Bi, zerbitzu zentralen kontzeptua kentzen da, nahiz eta zerbitzuok Nafarroa osorako izan. Hiru, eremu mistoan ere euskararen gutxieneko balorazioa desagertu egiten da. Lau, departamentu bakoitzari tarte zabala uzten zaio dekretuaren interpretazio murriztailea egiteko. Bost, eremu mistoan, aurreko zirriborro batetik balorazio orokorra ezabatu da Osasunbideko osasun lanpostuetarako; eta azkenik, udalen autonomia euskara baloratzeko nabarmen jaitsi da.
"Euskara ofiziala izan dadila Nafarroa osoan"
Sindikatuok diotenez, ez da logikoa hamaika parlamentario dituen PSNk Nafarroako hizkuntza politika “inposatzea”; horregatik, eskatu diete “foru gobernuko kide diren Geroa Bai eta Contigo-Zurekin taldeei, eta gobernua babesten duen EH Bilduri bestelako hizkuntz politika baten alde egiteko, euskara Nafarroa osoan eta lanpostu guztietan merezimendutzat hartzeko”.
ELAk eta Steilasek ez dute ulertzen nola litekeen Espainiako Gobernuak eta Nafarroako Parlamentuak eskatzea euskara ofiziala izatea Europar Batasunean, eta Nafarroan euskara trabatzea eta hizkuntza eskubideak etengabe urratzea. Horregatik, haien ustez, “1986ko Euskararen Legea gainditu behar da nahitaez, eskubide urraketari babes juridikoa ematen dion araudia delako. Eta euskarak ofiziala izan behar du Nafarroa guztian, inongo apartheidik gabe”.