argia.eus
INPRIMATU
Osasun zentroetan maskarak erabiltzera derrigortuko du Espainiako Gobernuak
  • Erkidegoetako arduradunek kontrako iritzia eman badute ere, Espainiako Gobernuak bereari eutsi eta legez behartuko du neurria.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2024ko urtarrilaren 09a

Espainiako Gobernuak ezohiko eta presazko Lurralde Arteko Batzordea deitu zuen atzo goizean, eta telematikoki elkartu zituen erkidegoetako osasun agintariak. Izan ere, arnas aparatuko infekzioek eraginda, gainezka daude osasun zentro asko eta asko, eta hainbat erkidegok pasa den astean independenteki hartu zuten maskara osasun zentroetan nahitaez erabiltzeko neurria. Besteak beste Katalunian, Murtzian, Valentzian eta Aragoin indarrean dago araua. Erkidegoen batzordea deituta, erabakia orokortzeko asmoa zuen Mónica García Osasun ministroak, baina ez zuen nahikoa babes jaso.

Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua maskara nahitaezko egitearen kontra agertu ziren asteleheneko bileran, beste hainbat erkidegorekin batera. Jaurlaritzak adierazi zuen ez datorrela bat "ez forma aldetik, ezta eduki aldetik ere", eta Nafarroako Gobernuak antzera, nahiago zuen gomendio gisa soilik aplikatzea. Jaurlaritzako Osasun sailburu Gotzone Sagardui harago joan zen: erabakia hartzera bultzatzeko detaile eta txosten teknikoak falta zirela salatu zuen.

Legez blindatua

Eskumenen gatazka ere badago tartean, erkidegoen eskumenekoa baita haien osasun sistema kudeatzea. Baina Espainiako Osasun Ministerioak, Osasun Sistema Nazionalaren markoan, Erkidegoen Kohesiorako eta Kalitaterako 65. legea baliatuta egingo du dekretu orokortua. Beraz, eragile guztiei behartuko zaie osasun zentroetan maskara erabiltzera.

SER irrati katean García ministroak jakinarazi duenez, asteazkenera arteko epea eman die erkidegoei dekreturako proposamenak egiteko, eta orduan sartuko du indarrean.

Laneko baja norberak hartzea

Medikuarekin kontsultatu gabe, enpresari ondoeza jakinarazita, norberak hiru baja egun hartzeko aukera mahai gainean jarri du Osasun Ministerioak, batez ere Lehen Arretako lan zama arintzeko. Aipaturiko elkarrizketan egin du planteamenduaren defentsa: "Herritarrei eskatzen ari gara gripe arin bat baldin badute etxean geratzeko, medikuarenera ez joateko. Lanean ari badira, ordea, baja eskatzera osasun zentrora gerturatu behar dute. Ez du inolako zentzurik".

Ez dago zehaztuta neurria, baina posible da datozen egunetan, asteazkeneko dekretuarekin batera agian, indarrean jartzea.