Asteburuan larrialdietan lan egiten duen mediku bati galdetu nion ea zer moduz lanean, egoera gaiztotzen ari zela entzuna nuela. Sutan zegoen eta honela esan zidan: “Eztul pixka bat edota sukar baxua duen jendeak ospitalea kolapsatzen du, ez al dakite parazetamol bat hartu eta atseden hartu behar dutela, hau da, ospitalea benetan larri daudenentzat utzi?”
Pentsakor geratu nintzen eta, nik, sutan, gogor erantzun nion. Onartu nion, baietz, gutxi batzuek baliabideen erabilera desegokia egiten dutela, baina azpimarratu nion arazoa ezin dela inolaz izan gaixorik ospitalera doan jendea, eta hiru arrazoi eman nizkion:
Lotsagarria izan da, bide batez, alderdien artean elkarri osasungintzaren desegitea nola leporatzen dioten ikustea
Gizarteak ez daki ibuprofeno eta parazetamolaren artean desberdintzen, eta duela ez hainbeste urte parte handi batek irakurtzen ere ez zekien. Analfabetismoaren errua irakurtzen ez zekienarena al zen? Jakintza falta badago, baina ez dugu jendea ospitaletik harrika botata konponduko.
Inposatzen ari diren ikuspegia da COVID garaian birusa zabaltzearen arrazoi nagusia konfinamendu arauak betetzen ez zituen jendea zela eta soluzioa leihoetan zipaio lanetan aritzea sustatzen zuen ikuspegi bera. Ezin dugu onartu ondorioa kausa gisa agertzea.
Lotsagarria izan da, bide batez, alderdien artean elkarri osasungintzaren desegitea nola leporatzen dioten ikustea. Gutxi hitz egin da oraindik, baina urte hasieran Europar Batasunak, bere ohiko eufemismoekin, argi utzi zuen bukatu dela COVID garaiko salbuespen ekonomiko egoera eta murrizketak datozela. Ondotxo dakigu Beltzezko Gizonek zer esan nahi duten.
Imanol Kañamares