Kargua hartu eta urtebetera, Alberto Martínez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak lantaldean aldaketa batzuk egin dituela iragarri du, "etorkizuneko osasun sistema publikoaren eraldaketari" ekiteko: besteak beste, Gontzal Tamayo Medel sailburuorde berria izango da, Analisiaren, Plangintzaren eta Herritarren Parte Hartzearen Zuzendaritzaren ardura Inés Gallego Camiñak izango du eta Osakidetzako zuzendari nagusiarena Lore Bilbao Artetxek.
Imanol Pradales lehendakariak Eusko Jaurlaritza eratzean, 2024ko ekainean, Osasun Saila hamasei kargurekin osatu zuten, eta Alberto Martínez talde horren buru gisa. Bada, agintaldiari ekin eta urtebetera, asteartean eginiko Gobernu Kontseiluaren ondoren Martínezek iragarri du bost izendapen berri egingo dituela lantaldean, "etorkizuneko euskal osasun sistemaren oinarriak finkatzeko".
Hauek dira Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko lantaldeak aurrerantzean izango dituen aldaketak: orain arte Enrique Peiro izan da sailburuordea, baina aurrerantzean Gontzal Tamayo Medel izango da; Analisiaren, Plangintzaren eta Herritarren Parte Hartzearen Zuzendaritzaren buru Inés Gallego Camiña izango da; Aritz Uriarte Fuertesek hartuko du Osasun Arloko Gobernantza eta Iraunkortasuneko sailburuordetzaren ardura, aurretik Administrazio eta Finantzaketa Sanitarioko sailburuordetza zena; Osakidetzako zuzendari nagusia Lore Bilbao Artetxe izango da; azkenik, Osakidetzaren Donostialdeko ESI Erakunde Sanitario Integratuaren burua Maite Martinez de Albeniz Zabaleta izango da.
Aldaketa horiekin, Osasun sailburuak adierazi du "diziplina askotariko talde baten" aldeko apustua egin duela, "antolakuntzaren eta teknologiaren modernizazioari aurre egiteko eta euskal gizarteak zahartze demografikoaren eta globalizazioaren arloan dituen erronkei erantzuteko". Horrez gain, Martínezek lehen urtearen balantzea ere egin du agerraldian, eta nabarmendu du "premiazko erronkei" heldu eta euskal osasun publikoaren sistemaren "epe ertaineko eta luzeko oinarriak" ezartzeko urtea izan dela.
Sailburuordetzako aldaketak
Sailburuordetzaren karguaren arduraduna aldatzeaz gain, karguaren izendapena ere aldatu dio Martínezek: aurrerantzean, Osasun Arloko Eraldaketa Digitala eta Emaitzak izango da. "Funtsezko zutabea da euskal osasun sistema eraldatzeko, Osasun Sailak modernizazioarekin, eraginkortasunarekin eta berrikuntzarekin duen konpromisoa sendotuz, eta osasun arretan eta herritarren ongizatean etorkizuneko joerak ezarriko dituen erreferente gisa kokatuz", adierazi du Osasun sailburuak.
Martínezek azpimarratu du Tamayo eraldaketa digitalean "erreferentea" dela, eta profil "berritzailea" eta "lidergorako gaitasun handikoa" ordezkatzen dituela: "Euskal osasun sistemaren berrikuntza gidatu beharra kontuan hartuta aukeratu dugu [Tamayo], emaitzetara eta etengabeko hobekuntzara bideratutako ikuspegia erabilita". Osasun sailburuak jakinarazi du agintaldia harekin hasi zuen sailburuordea, Peiro, "gertu" edukiko duela aurrerantzean ere: "Lotura estua izango dugu. Bere lanpostua Osakidetzan dago, eta horra itzuliko da. Gainera, adiskideak gara".