Jaurlaritzaren Osasun Saila Osakidetza "desegiten" ari dela salatu dute larunbatean milaka eta milaka herritarrek. Langileen baldintza prekarioek zerbitzuaren kalitateari eragiten diola azpimarratu dute.
Aldarria argia da: "Salba dezagun Osakidetza". Milaka eta milaka herritar irten ziren kalera Gasteizen, Bilbon eta Donostian joan den larunbatean, SATSE, ELA, LAB, CCOO, UGT eta SME sindikatuen deialdiei erantzunez. Haien esanetan, manifestazioak "osasun publikoaren alde inoiz egindako jendetsuenak" izan dira. Hainbat eragile batu ziren manifestaziora, eta tartean izan ziren EH Bildu eta Elkarrekin Podemos alderdietako ordezkari politikoak ere. Besteak beste, "Osakidetza ez dago salgai", "Bizi baldintza duinak eta zerbitzu publikoak defenda ditzagun", "Murrizketarik ez" eta antzerako aldarrikapenak egin ziren.
Osasun publikoaren eta Osakidetzaren gainbehera "egiturazkoa" dela azpimarratu zuten deitzaileek. ARGIAn sakon jorratu genuen gaia 2.811 ale zenbakian.
"Ez da egia: ez dago murrizketarik"
Manifestazioak abiatu ziren aldi berean bideo-ohar bidez eman zuen iritzia Gotzone Sagardui Osasun sailburuak.
"Inoiz ez da hainbeste baliabide bideratu hona; inoiz ez hainbeste diru", adierazi du Sagarduik, eta gogorarazi %43 handitu dela aurrekontua azken hamarkadan. Horrez gain, nabarmendu du Osakidetzako zerbitzuan titulartasun publikoa ez dela pribatizatu.
Osakidetzako langile egonkorren plaza kopurua igo dutela esan du sailburuak, eta aipatu, zazpi osasun-zentro berri eraiki eta inbertsio handiak egiten ari direla. Dena den, amaitzeko, azpimarratu du "ez dela inbertsio kontua soilik", medikuak falta direlako Espainiako Estatuan eta Europan oro har. Horregatik, Espainiako Gobernuari ere zuzendu zaio esanez "konponbide bateratua" aurkitu behar zaiolako.
[Jarraian manifestazioetako argazki galeria.]