argia.eus
INPRIMATU
Osasun larrialdi egoera ezarri zenetik ekainaren lehenera, 205 kexa jaso ditu Hizkuntz Eskubideen Behatokiak
  • Iaz garai hauetan jasotakoen aldean, %47 kexa gehiago jaso ditu Hizkuntz Eskubideen Behatokiak. Egoera salatu eta argibide zein neurri zuzentzaileak eskatzeko, erakunde publikoetako ordezkariei gutuna helarazi die Behatokiak.

ARGIA @argia 2020ko ekainaren 18a
Hizkuntz eskubide urraketa kasu baten epaiketa egunean, elkarretaratzea Bilboko epaitegien aurrean (Argazkia: EHE)

Hizkuntza eskubideekin zerikusia duten kexen kopurua nabarmen igo da osasun larrialdi egoeran. Hizkuntz Eskubideen Behatokiak jakitera eman duenez, osasun larrialdi egoera ezarri zenetik ekainaren 1a bitartean, 205 kexa jaso dituzte; iaz garai berean jasotakoak baino %47 gehiago.

Behatokiak zehaztu duenez, jasotako hamar kexatik sei erakunde publikoei zuzenduak daude; 115 orotara. Horren aurrean, Behatokiak egin duen irakurketaren arabera, euskara “bigarren mailakotzat” jotzen da erakunde publikoetan eta hargatik, osasun larrialdi egoeran, ez du “balio izan herritarrei osasunari zein segurtasunari buruzko berehalako mezu garrantzitsuak igortzeko”.

Kexen nolakotasunean sakonduz, azpimarratu dute lau kexatik bat Eusko Jaurlaritzari edo Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako foru aldundiei zuzenduta dagoela. Behatokiko zuzendari Agurne Gaubekaren hitzetan, " Herritarrek salatu dute gaztelera hutsean jaso dituztela Jaurlaritzako ordezkarien adierazpenak eta sareko zein herritarrentzako prestatutako argibideak”. Nafarroako Gobernuari zuzenduriko kexak ere jaso ditu Behatokiak, ez hainbeste hala ere. Gaubekaren arabera, ezberdintasun horrek ez du esan nahi Nafarroan hizkuntz eskubide urraketa gutxiago ematen direnik, baizik eta normalizatuago daudela eta herritarrek gutxiago salatu ohi dituztela “babesgabeago sentitzen direlako”. Ipar Euskal Herrian antzerako zeozer gertatzen denaren ustea agertu du.

Jasotako salaketak icerbergaren punta direla ondorioztatu du Behatokiak: “Egoeraren larritasunagatik eta arduradunen jokaera ikusita, herritarrentzat ez da erraza izan osasungintzan nahiz bestelako sektoreetan gertatutako urraketak salatzea, ezta bertako langileentzat ere”.

Egoera salatzeko, hizkuntz eskubideen urraketen berri emateko, eta argibideak zein neurri zuzentzaileak eskatzeko, erakunde publikoetako ordezkariei gutuna helarazi die Behatokiak. Gutunaren hartzaileen artean leudeke EAEko eta Nafarroako Aratekoak, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politika sailburua, Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetarako kontseilaria, eta Bernadette Soule Ipar Euskal Herriko Euskararen Erakunde Publikoko zuzendaria.