Osakidetzako ospitaletako langileek haserre eta gogaituta daudela adierazi dute Euskal Herrian egindako elkarretaratze ugarietan. Jasaten duten lan-gainkarga handia, egunerokoan duten giza eta material baliabide falta, eta pandemian jasandako muturreko lan baldintzak salatu dituzte.
Joan den astean Lehen Arretako zentroetan gertatu zen bezala, oraingoan ere sindikatuen batasuna izan da mobilizazioan ( LAB, SATSE, ELA, SME, CCOO, UGT eta ESK) eta osasun publikoko langile ugari atera dira protestara. Arazoa ez dela oraingoa diote, azken urteetan murrizketa publiko ugari egin direla eta pandemiak egoera okertu duela, horrela osasun sistemaren ahultzea ekarriz. Ondorioz, langileek muturreko baldintzetan lan egin behar dutela salatu dute, eta baita ere behin-behinekotasun tasa handiak, lan-gainkarga sistematikoa, baliabide gabezia, lan-baldintzen murrizketa edota zerbitzuen pribatizazioa.
Nekearena da gero eta indar handiagoz ateratzen ari den gaietakoa. Diotenez, gaur egun langileek ez dute atsedena hartzeko denbora nahikorik izan eta neke akumulatua daukate. Egoera horretan, ohiko baliabide eskaxekin eta ezinbestekoa den errefortzurik gabe, eguneroko lanari eta berragerraldien ondoriozko lanari aurre egin behar diotela..
Eusko Jaurlaritzako Osasun sailak egunotan adierazi duenez, prest da baliabide gehiago jartzeko eta kontratazio berriak egiteko, baina sindikatuek erantzun diotenez, hitzetatik ekintzetara pasatzeko unea da, propaganda-adierazpenetatik egiturazko konponbideetara. Horrela egiten ez bada, mobilizazioak areagotuko dituztela iragarri dute..
Deitzaileek gogorarazi diete langile eta herritarreidatorren urriaren 3an manifestazioa egingo dutela Bilbon, 12:00etan Jesusen Bihotzetik abiatuta, eta bertaratzeko gonbitea egin diete.