argia.eus
INPRIMATU
Osasun krisia autoritarismoan eta neoliberalismoan sakontzeko baliatzen ari direla salatu du Gasteizko herri mugimenduak
  • Kontzentrazio jendetsua egin zuten hainbat herri mugimenduk bultzatuta larunbat eguerdian, Kapitalaren neurrien kontra bizitzak defendatu lelopean. Osasunaren “erabilpenaren” aurrean, defentsa eta antolakuntzarako deia egin zieten herritarrei. Iluntzean Gasteizko GKSk manifestazioa egin zuen, "burgesiaren zuzeneko dikatadura" salatzeko.

ARGIA @argia 2020ko azaroaren 09a
Larunbat eguerdiko kontzentrazioa. Argazkia: ARGIA

Kontzentrazioak Andra Mariaren plaza erdia bete zuen. Astean zehar dozenaka herri mugimenduren ekarpenekin osatutako adierazpena irakurri zuten bi lagunek. Koronabirusak osasun krisia sortu duela egia dela adierazi dute, baina egia direla ere pribatizazioak eta murrizketak, etxegabetzeak, militarizazioa edo eskubidea galerak: “estrategia kapitalista, heteropatriarkal eta koloniala justifikatzen eta indartzen duen osasunaren erabilpena salatzeko bildu gara”.

Osasun krisiaren kudeaketak desberdintasunak areagotu dituela uste dute Gasteizko herri mugimenduek, “lehendik existitzen ziren injustiziak agerian utziz”. Jendartean oinarrizko beharrak areagotu egin dira, baina horiei “erantzun kolektiboak” ematea “geroz eta zailagoa” dela iritzi diote, “hartu dituzten neurriek antolakuntza eragozten baitute”. Horren guztiaren aurrean, “defentsa eta antolakuntzarako” deia egin dute eragileek, borrokatu beharreko zortzi puntu zerrendatuz: Militarizazioaren eta autoritarismoaren aurka egin, zerbitzu eta politika sozial sendoak bermatu, migratzaile guztien erregularizazioa, presoen eskubideen errespetua, etxeetan ematen diren indarkeriei aurre egitea eta langileriaren defentsa “Rentista, hipoteka, gas zein argi konpainien gainetik”, besteak beste.

 

 

Jendarte autoritarioa

Larunbat iluntzean manifestazio jendetsua egin zuen Gasteizko Gazte Koordinadora Sozialistak, Burgesiaren zuzeneko diktadura gelditu dinamikaren baitan. Osasun krisiari loturik hartzen diren neurriekin agintariek jendarte eredu “autoritarioa” inposatu nadi dutela salatu zuen. Eskubide zibil eta politikoak eta “osasunaren sozializazioa” defendatzera deitu zituzten herritarrak, eta atakatik irteteko bidea “antolakuntza komunista” dela aldarrikatu.

Gasteizko GKSren manifestazioa. Argazkia: Hala Bedi