argia.eus
INPRIMATU
Osasun-hondakinak: Lehen birziklatzen zena orain zabortegira?
  • Maskarak, batak, eskularruak… babesgarriok hondakin infekziosotzat hartzen dira eta tratamendu berezia izaten dute. Birziklatzea lor daiteke. Osasun krisi honetan ordea, hondakin kopurua, toki batzuetan, hirukoiztu egin da eta tratamendu berezia emateko arazoak dituzte. Ecologistas en Acción taldeak ohartarazi du Espainiako Gobernuak biltegiak, zabortegiak eta erraustegiak hondakinok jasotzeko baimena emateak birziklatzea galaraztea ekar dezakeela.

ARGIA @argia 2020ko apirilaren 26a

Eldiario.es egunkariak egindako erreportajean, Espainiako Estatuko hainbat datu ageri da. Kataluniak eta Asturiasek datu zehatzak eman dituzte. Katalunian, hilean 275 tona hondakin infekzioso biltzen zituzten orain arte eta osasun krisi betean 1.200era iritsi dira. Asturiasek apirilean 135.483 kilo hondakin jasotzea aurreikusi du, eta 2019an hilean batez bestekoa 33.310 kilokoa da. Madrilen %300 igoko da zifra eta Gaztela eta Leonen %270. Egunkariak adierazi du beste hainbat autonomia erkidegotan datuak eskatu dituztela, baina ez dietela eman, eta tartean aipatu du EAE.

Kutsatutako hondakinak tratatzen dituzten lantegiak bete-betean ari direnez lanean, Espainiako Gobernuak baimena eman du hondakin-kontenedoreak lur-zati edo pabilioitan biltzeko, baldin eta zabortegiek eta erraustegiek ez badaukate hondakin horiek kudeatzeko modurik. Beharra egongo balitz, porlan lantegiei materiala erretzeko baimena emango liekete.

Ecologistas en Acción taldearen ustez, administrazioek hartutako hainbat erabakik ekonomia zirkularra bertan behera geratzea eragin dezake. Talde ekologistak dio lehen birziklatzera eramaten zen etxeko hondakin kopuru bat zabortegira edo erraustegira eramango dela, COVID-19ak kutsatuta dagoela argudiatuta, beti ere birziklatze lantegietan dauden langileen segurtasuna bermatzeko.

Talde ekologistak proposatu du osasun-hondakinok 72 orduz biltegietan edukitzea, uste baita denbora tarte horretan irauten duela birusak plastikoan, eta ondoren hondakin ez infekzioso moduan tratatu ahal izango litzateke.