argia.eus
INPRIMATU
Osasun etxeen kolapsoa
  • Goizeko zortziak baino lehen osasun etxeetan ilara egiten du jendeak hitzordu bat lortu nahian; apur bat beranduago iristen diren askok ez du hitzordurik lortzen.

Olaia L. Garaialde 2022ko urriaren 28a
Navarra.es

Telefonoz deitzean entzuten den hotsa. Ostean esperoan zaudenean jartzen duten kantu errepikakorra. “Buztintxuriko osasun zentroa: larrialdi bat bada sakatu 1, euskaraz artatzea nahi baduzu sakatu 2 eta gaztelaniaz nahi baduzu sakatu 3 edo itxaron”, dio grabaturiko audio batek. 2 sakatu, eta esperoan egoteko kantu errepikakorra entzuten da; tarteka ahots batek dio: “Jarraitu itxaroten”. Berriz ere kantua. “Jarraitu itxaroten”, eta melodia berriz. Bost, hamar, hamabost edota hogei minutu egon zaitezke norbaitek telefonoa hartu arte.

“Egun on, Buztintxuriko osasun etxean, zertan lagun zaitzaket?”, esan du langileak gazteleraz. Gaitza azaldu, eta oso maiz errepikatzen den erantzuna: “Ez dago hitzordurik; deitu bihar 08:00etan edo etorri osasun etxera”.

Goizeko 8ak. Osasun etxeko telefonoari deika, berriz ere, grabaturiko audio bat: “Buztintxuriko osasun zentroa: larrialdi bat bada sakatu 1, euskaraz artatzea nahi baduzu sakatu 2 eta gaztelaniaz nahi baduzu sakatu 3 edo itxaron”. 2 sakatu, eta esperoan egoteko kantu errepikakorra entzuten da; tarteka ahots batek dio: “Jarraitu itxaroten”. Berriz ere kantua. “Jarraitu itxaroten”, eta melodia berriz. Hogei minutu pasa dira.

8:30ak. Osasun etxeko harrerako ilaran hamabost lagun inguru daude. Jendea hasperenka, eta harrerako langileak lanez lepo. Hamar minutuz esperoan egon ostean, 30 urte inguru dituen pertsona bat mostradorera iritsi da. “Egun on, zer behar duzu?”. Hitzordu bat eskatu nahi diola esan dio, eskuarekin bizkarra eusten duen bitartean. “Jaiotze data zein da?”, galdetu dio langileak. Datu guztiak bilatu, eta ezezkoa izan da erantzuna: “Ez daukazu hitzordurik; telefonoz izan beharko da, edo bestela bihar etorri, sentitzen dut”. Eskua bizkarrera eraman, eta ahots apalez larrialdietara doala dio.

Beste paziente bat sartu da, 40 urte inguru ditu. Hitzordu bat eskatu du ere. “Sentitzen dut, baina ez dago hitzordurik zure medikuarekin, deitu bihar 8etan edo hona etorri”, esan dio langileak. Medikuak artatzea nahi duen pazientea haserretu da: “Badakit ez dela zure arazoa, baina arreta hobetu behar duzue”. Erantzuna argia izan da: “Dena blokeatuta dago”.

"Aurrez aurre ikustea nahiko nuke", esan dio urduri pazienteak. "Sentitzen dut, baina aukera bakarra telefonoz da, lasai egon, berak deituko zaitu, eta dena ondo azalduko dizu"

Nazkatuta

Bitartean, ilaran jendea hasperenka dago, horietako batek esan du hitzordua lortzen saiatzen den hirugarren aldia dela, ia aste bat darama ordua hartu nahian. “Espero dut gaurkoan lortzea, badakit ez dela langileen errua, baina nazkatuta nago”. Bat egin du horrekin atzean dagoenak: “Nire ahizpak esan dit beste osasun etxeetan ere antzeko daudela, eta ireki aurretik jende pila bat egoten dela ilaran”. Beste batek erantzun du oso goiz etorrita hitzordua lortu daitekeela, baina “oso zaila” dela askorentzat 8ak baino lehen egotea.

Hurrengoak ere hitzordu bat eskatu du, eta langileak hitzorduaren zergatia galdetu dio. “Berriz ere antsietate piko batean nago, eta medikazioa moldatzea nahi dut”. Tonu goxoz, soilik telefonoz artatzeko aukera daukala erantzun dio langileak. “Aurrez aurre ikustea nahiko nuke”, esan dio urduri pazienteak. “Sentitzen dut, baina aukera bakarra da, lasai egon, berak deituko zaitu, eta dena ondo azalduko dizu”.

Ilarak aurrera egin du, eta hurrengoaren txanda heldu da, hitzordua eskatzeko datu guztiak eman, eta erantzuna ezezkoa izan da: “Sentitzen dut, baina ez da hitzordurik geratzen”. Begiak ia negar malkotan hurrengo egunerako hitzordua eskatu dio. Berriz ere, erantzuna ezezkoa izan da: “Asko sentitzen dut, benetan, baina agendak kolapsatuta daude, bihar etorri”.