Health Data Hub izena du plataformak eta bertan biltzen dira printzipioz mediku sekretuak babestu beharko lituzken datuak. Hamabost bat eragilek jarri dute salaketa Frantziako Estatu Kontseiluan. Berehalako auzia eginen dute ekainaren 11n.
Beste behin ere, norberaren bizi pribatuaren errespetua mehatxaturik denaren froga dugu Health Data Hub aplikazioa. Larrialdi sanitario egoera izanki, tarrapatan pasa zuen neurria Frantziako Gobernuak, inolako eztabaidarik burutu gabe. Alta, aldaketa handia dakar aplikazioak, berez mediku sekretuak gorderik atxikitzen dituen hainbat datu –ofizialki, koronabirusari buruzkoak– Microsoft entitate amerikar pribatuaren esku uzten dituelako.
Hori horrela, Frantziako Estatu Kontseilura jo dute hamabost bat eragilek –norbanakoek zein egiturek– eta afera aztertuko dute ekainaren 11an. Tartean dira adibidez Programa Askearen Kontseilu Nazionala deitu egitura eta osasun arloko langileak batzen dituzten hainbat sindikatu zein kolektibo. Bizi pribatuaren oinarrizko askatasuna zangopilaturik dela erranik, berehalako bide judizial hau ireki ahal izan dute.
Plataforma horri bidea irekitzen zion legea iazko uztailaren 29an aurkeztu zuten Frantziako Parlamentuan. Orain arte SNDS deitu egitura publikoak ditu osasunari buruzko datuak biltzen. Health data Hub plataforma haatik entitate pribatu boteretsu baten esku litzateke: Microsoft.